Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
XIX. mendetik dator dinosauroenganako lilura. Hezurduren fosilak aurkitzeko kanpainak finantzatzen zituzten AEBetako dirudunek –Andrew Carnagie-ren izena darama Diplodocus Carnegii dinosauroak–, museoetan erakutsi eta publikoa ahoa bete hortz husteko. Duela ehun urtekoa da Gertie the dinosaur (1914) dinosauroen inguruko lehen filma, eta gerora ere ikusi ditugu, adibidez, 1933ko King Kong pelikulan. Baina dinosauroak mundu mailako ikono bihurtu dituena Steven Spielberg izan da, 1993an Jurassic Park film ikusgarria eginda. «Film hark sekulako mesedea egin dio paleontologiari», aitortu du Luis Alcalak, «zenbait gezurtxo esaten dituen arren; ezin da ahaztu pelikula bat dela. Spielbergek errealitatea moldatu zuen fikzioaren mesedetan». Eta adibidea jarri du: «Tyrannosaurus Rex-a ez zen beste dinosauro beldurgarri bat nahi zuen, haragijalea. Velociraptorra proposatu zioten, eta asko gustatu zitzaion, benetako tamaina ezagutu zuen arte: oilasko baten gorputza zuen. Ez zuen bere istoriorako balio, eta pelikularako askoz handiagoa egiteko agindu zuen». Spielbergen beste lizentzia bat: «Filmean kontatzen da bizpahiru urte daramatzala parkeak zabalik, dinosauroen DNA klonatzea lortu zutenetik… Ezinezkoa da bizpahiru urtean dinosauroak heldutasunera iritsi eta hain handi haztea. Baina fikzioa da. Barkatzen diogu».
Jurassic Park-en bultzada aprobetxatuta sortu zuten Dinopolis Teruelen (Espainia). «Teruelen aspalditik ditugu dinosauroen hezurdurak. Probintzia hiltzen ari zitzaigun – hiriburuak 250.000 biztanle zituen 1900 urtean; gaur egun 144.000 ditu– eta Aragoiko Gobernuak ikusi zuen dinosauroen inguruan sor zitekeela ekonomia bultzatzeko proiektu bat. Hala sortu zen». Ikerketa eta aisia uztartzen ditu, eta gaur egun urtean 170 milioi euroko ekarpena egiten dio Teruelgo ekonomiari.