Aire zabaleko Aiako, Azkoitiko eta Azpeitiko igerilekuak ekainaren 14an zabalduko dituzte

Nerea Uranga 2014ko eka. 5a, 12:12

Hondartzetako uda denboraldiko zerbitzuak martxan jartzearekin batera, Aiako, Azkoitiko eta Azpeitiko aire zabaleko igerilekuak ere zabalduko dituzte. Hiru kasuetan hilaren 14an ireki eta hiru hilabetez egongo dira martxan, irailaren 14ra bitartean. Hiru herrietako igerilekuak publikoak dira, udalenak. Azkoitiko kanpo igerilekuak aurten berrikuntza bat izango du, kantina bat jarriko baitute bertan. Orain hasiko dira eraikitzen, eta ekainaren bukaerarako prest egotea espero dute. Jendearen eskaerari erantzunez erabaki du udalak kanpoko igerilekuan kantina jartzea. Egurrezkoa izango da. Joan den astean udalbatzarrean bozkatu zuten gaia, eta aho batez onartu. Kantina jartzeko 10.000 euroko aurrekontua ere onartu dute. Aurtengoan kantina Elkarguneko Orbela tabernakoek kudeatuko dute. Azkoitiko kanpoko igerilekua 2009ko udan ireki zuten, eta aurten bosgarren sasoia izango du. Egunero, astelehenetik igandera, 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik. Elkargunean bazkide direnek sarrera doan izango dute, horrez gain beste aukera batzuk ere jarri dituzte. Hiru hilabeteko edo hilabeteko txartela ateratzeko aukera egongo da. Hamar sarrerako txartela ere jarri dute, 18 urtetik 64 urtera artekoentzako 40 eurotan eta gainontzekoentzat 30 eurotan. Eguneko sarrera, berriz, 18 urtetik gorakoentzat 6 eurokoa da; erretiratu, langabetu eta 1988tik 1996ra jaiotakoentzat 5 eurokoa; 13 urtetik 18ra artekoentzat ere 5 eurokoa; 6-12 urtekoentzat 4 eurokoa; 5 urte artekoentzat, doan. 17:00etatik aurrerako sarrerak 4 euro balioko du. Azpeitian, iazko prezioan Azpeitiko igerileku estaligabea ere etzi zortzi zabalduko dute. Kasu honetan, egunero 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik irailaren 14ra arte. Itxi eta zabaldu egiten den lau kaleko igerilekua 11:00ak bitartean igeriketako ikastaroetarako erabiliko dute, baina gero zabalik egongo da. Lau kaleko igerilekuko ura itxita dagoen bitartean 29,5 gradutan egongo da, baina behin zabaldutakoan, gelditzen den tenperaturan. Abuztutik aurrera, berriz, 24 gradutan egongo da igerileku hori. Azkoitiko aire zabaleko igerilekuan kantina jarriko dute (Eregi) Aurten ere uda osorako txartelak jarriko dituzte, iazko prezioan: sendikoa 182,36 eurotan; 17 urtetik beherakoena 74,26 euro; 17 urtetik gorakoena 108,68; banakakoa eta langabetua den kasuan 70,64 euro; sendikoa eta langabetua 118 euro; eta, erretiratua, pentsioduna eta 18 urtez gorako ikasleena 81,51 euro. Eguneko sarrera, 6,10 euro izango da; 17 urte bitartekoena 4,75 euro; eta, langabetuena eta erretiratuena 4 euro. Aiarrek abantailak Aiako kanpoko udal igerilekua ere hil honen 14an zabalduko dute. Igerilekuaren ordutegia egunero 11:00etatik 20:00etara artekoa da, baina igerilekuan jatetxea eta taberna ere badaude, eta horiek beste ordutegi bat dute. Aian erroldatuta daudenek abantailak dituzte igerilekuko sarreran. Hiru hilabeterako txartela 4-7 urte artekoek 13 euro ordaindu beharko dute, 8-15 artekoek 16 euro eta 16tik aurrerakoek 26 euro. Herrikoak ez direnek ere hiru hilabeteko edo hilabeteko txartela ateratzeko aukera izango dute. Aian eguneko sarrera, berriz, 4 eta 15 urte artekoentzat 4 eurokoa da, eta 16 urtetik aurreakoentzat 5 eurokoa. 17:00etatik aurrera, berriz, 2 euro ordaindu beharko  dira. Udalak Gurutze Gorria kontratatzen du igerilekuko erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, eta bestetik, azpiegituren kudeaketa bost urterako enpresa bati emanda dauka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide