Hondarra botatzeak eztabaida piztu du Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko ekainaren 5a

«Zarauzko hondartzak ez zuen eta ez du hondarrik behar; olatuek eramandako harea olatuek itzuliko dute». Arkamurka Natur Taldeak dio Zarauzko hondartza «sistema itxia» dela, eta ondorioz, hondarra ez dela galtzen. «Aurtengo egoera mugimendu naturalen ondorioa da. Zarauzko hondartzak ez du hondar ale bakar bat ere behar, pazientzia pixka bat baizik». Neguko itsasaldiek harea asko eraman dute hondartzatik, eta hondar maila jaitsi egin da. Hori dela eta, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak hondar gehiago botatzeko eskaintza egin zion Zarauzko Udalari. Hala, Jaizkibeldik 103.811 metro kubiko hare ekarri dute, eta hondartzako lau gunetan banatu. Hondar berriaren eta zaharraren arteko desberdintasunak nabarmenak dira, ordea. Ildo horretatik, Arkamurkak dio ezin dela «horrelako hondar bolumena kanpotik ekarri aurrez iritzi teknikorik eskatu gabe» eta «ondorioak ongi neurtu gabe». Zarauzko hondarrak konposizio berezia duela ohartarazi dute, bizidunen oskolez osatuta dagoela, eta horrek ez duela bota berri duten mineral zatiz osatutako hare aleekin «zerikusirik». Kalteak neurtzea «oraindik oso zaila» den arren, hondar mugimenduarekin hainbat ezaugarri arriskuan jarri direla ohartarazi dute natur taldekoek. Arkamurkak dio «onartezina» dela udalaren erabakiak hartzeko era: «Hondartza natural bati hondar arrotza botatzea salbuespen neurri bat da, eta 100.000 metro kubiko kantitate esanguratsua da halako hondartza baterako. Ezin zaio baietz esan informatu gabe, galdetu gabe, egiaztatu gabeko iritzi teknikorik gabe. Honetan adituak diren zentroak baditugu; Zarautzen Arkamurka ere badago». Taldeari ez diola galdetu ere egin ohartarazi dute. Orain egoeraren jarraipena egitea «ezinbestekoa» da naturzaleen arabera. Hala ere, Arkamurka ez dago halako hondar mugimenduen alde: «Uste dugu pertsonok fenomeno naturaletara moldatzen hasteko garaia dela». «Aurrez ondo aztertu da» Ordea, bestelakoa dio Zarauzko Udalak: hondarra botatzeko erabakiak izan zitzakeen ondorioak «ondo aztertuta eta kontsultatuta» hartu direla esan du. «Adituekin, herriko hainbat eragilerekin, teknikariekin eta aldundiarekin kontrastatu eta ondorioak aztertu ondoren» hartu du erabakia udalak: «Aldundiak udalari jakinarazi zion, hondarra botatzeak inolako kostu ekologikorik ez duela, eta Kostako zuzendaritzak, berriz, kalitate, osasun eta ingurumen aldetik bere berme guztiak eman zituen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide