Getariako hondartzan hondarra zabaltzen atzo (Onintza Lete Arrieta/ Hitza)
Hondartzen udako denboraldia hasteko dena prest dute, edo azkeneko prestaketetan ari dira eskualdeko kostako herrietan. Neguko itsasaldiek eragindako kalteak konponduta edo konpontzear daudela hasiko dute sasoi berria.
Zumaian, ofizialki hilaren 15ean hasiko dute hondartzetako denboraldia. Hala, Itzurungo eta Santioko hondartzetan hainbat zerbitzu jarriko dituzte martxan: toldoak eta hamakak gordetzekoa, tabernak, komunak, sorosleak eta garbiketa eta hondakinen bilketa.
Urolako Itsasadarraren Plan Berezia dela eta, Santio hondartzako dunek lehen baino babes maila handiagoa dute. Horregatik, udalak herritarrei dei egin die, hondartzako biodibertsitatea eta babesgune berezi hori zaintzeko. Horrenbestez, hondartzako hesiak eta seinaleak errespetatzeko eskatu dute.
Zumaiako Udaletik gogorarazi dutenez, uda denboraldian hondartzan garbiketa areagotu egiten dute, eta egunero garbitzen dira. Hondartzetan ere hondakinekin arduraz jokatzeko eskatu die udalak herritarrei, horretarako gaika sailkatuta biltzeko ontziak jarriko dituzte herriko hondartzetan.
Horrez gain, Txomin Agirre kaitik Santioko hondartzara joateko txalupa zerbitzua ere eskainiko dute uda sasoian Zumaian.
Getarian, hondarra zabaltzen
Getarian ere ari dira hondartzak prestatzen udako sasoiari hasiera emateko. «Kostako eta portuetako ordezkaritzaren esku daude hondartzaren gaineko azpiegitura asko, eta itsasaldiek eragindako kalteak konpontzen ari dira, hondarra zabalduz eta sarrerak eta irteerak egokituz», adierazi du Nika Lertxundi Getariako alkateak. Hala, Itsas Salbamenduko eraikinaren alde batean komun publiko berriak eraikitzen ere ari dira. Zerbitzu berri batzuk izango dira Getariako hondartzan, «enpresa batek kirol eskaintza berri batzuk emateko baimena eskatuta du, eta udalari gauza batzuk gordetzeko baimena eskatu digu», esan du. Horrez gain, aurreko urteetan bezala, ezinduentzako bainua hartzeko zerbitzua ere jarri nahi dute uztailean eta abuztuan.
Uda sasoiko TAO sistema
Hondartzetako denboraldia hastearekin batera, Getariako Udalak TAO sistema jarriko du moila eremu guztian. Hilaren 14tik irailaren erdira artekoa da. Getariarrek txartel bat jasoko dute inguru horretan aparkatzeko.
Zarautzen ere uda denboraldiko TAO sistema hil honen 15ean jarriko dute indarrean, eta hiru hilabetez egongo da martxan. Udalak herritarrei txartelak etxera helarazi dizkie. Hondartzan, berriz, azken prestaketak egiten ari dira, toldoak eta bestelako zerbitzuak jarriz.
Orion hondartza denboraldia astelehenean hasi zuten, baina sorospen zerbitzua larunbat honetan jarriko dute martxan. Irailaren bigarren astera arte egongo dira hondartzako zerbitzu denak martxan. Aste honetan bertan ari dira hondartzako zerbitzuak jartzeko prestaketa lanetan, hondarra zabalduz eta oinezkoentzako pasabideak-eta jarriz.
Orion ere hondartza inguruko aparkalekuentzako TAO sistema jarriko dute uda sasoian, hilaren 15etik aurrera. Oriotarrek inguru horretan doan aparkatu ahal izateko pegatina bat jasoko dute etxean.
Herrigunetik hondartzara joateko txu-txu trenaren zerbitzua ere ipiniko du aurten Orioko Udalak. Ekainaren 21ean jarriko dute martxan, eta irailaren erdira arte ibiliko da.