Azpeitiko EAJk «boto askatasunaren aldeko jarrera» hartu duela iragarri du plaza eraberritzeko
herri galdeketari dagokionez. Astearteko ezohiko batzarrean «gaia luze eta sakon» landuta eta «bertan entzundako iritzi desberdinak» aintzat hartuta erabaki du afiliatu eta alderdizale guztiei askatasuna ematea herri galdeketako bozketan. «Gai honetan norberak hartu behar du erabakia», adierazi dute.
Era berean, alderdiak gai honetan duen posizionamenduaren inguruko zurrumurruak argitu nahi izan ditu, esanez beraiek ez direla inoiz ere posizionatu plaza oinezkotzearen ala kioskoaren auzian. «Izan ere, udaletik ematen den irudiaren arabera, EAJ ere plaza oinezkotzearen eta kioskoa kentzearen alde dagoela dirudi, eta gu ez gara inoiz posizionatu».
Bilduko alkateari eskaera ere egin dio: «Eskatzen diogu ez dadila EAJren atzean ezkutatu egin dituen aurkezpenetan esan duenean udalean dauden hiru talde politikoek bultzatu dutela plaza oinezkoentzat jartzea eta kioskoa kentzea. Hori gezurra da», adierazi du Aitor Gorrotxategik. Adierazi duenez, «Hirigintza Batzordean ez dago inolako txostenik onartuta gai horren inguruan». Hala ere, kioskoa mantentzea erabakiz gero «bere egituraren egoeraren azterketa zorrotza nahitaez egin behar da, kioskoaren segurtasuna bermatzeko», iritzi dio.