Gutuna. Iñaki Olabezela Iturriaga (Zarautz)
Kaixo denoi,
Hemen naiz berriz beste gutun batekin. Oraingoan, Vista Alegreko taberna talde txiki baten gurarien menpean dagoela salatu nahi dut. Familia hau, batzordeko kide batzuek eta bezero agurgarri batzuek osatzen dute, faraona buru. Alegia, taberna eta bere ingurua, beraien gustura kudeatzen dituztela; nahi dituzten arauak, nahi dituzten zerbitzari aldaketak, etab...
Taberna beraiek daramatela diodanean, literalki diot; horretara mugatzen baitira gehienbat. Badira auzoan beste eragile batzuk, hala nola Torreoia atontzeko taldea, mugikortasunarena, konpostajearena... eta ez dute batere harremanik auzo elkartearekin. Normalena ez al litzateke talde hauek auzo elkartean integratuta egotea? Edo auzo elkarteak talde hauei laguntza eta elkarlana eskaintzea? Ez ba. Kontrakoa ere entzun izan dut... Bestalde, esan, batzordeko kide batzuk, lan horretan, juxtukoa egitera mugatzen direla eta beraien kezka nagusia inoren kritikarik ez jasotzea dela. Beldur hori dela medio, ekimen batzuk (batzuk diot, gehienak planteatu ere ez direlako egiten) aurrera eraman gabe utzi izan dira; kasu batzuetan tabernaren interesi kalte eginez. Baina bada bereziki salatu nahi dudan gertaera bat: arratsalde batez familiako kide batzuk etorri zitzaizkidan, haietatik bi batzordekoak, giltza eske bulegora sartzeko. Nireak utzi nizkien. Eskutik eskura ibili zituzten, eta galdu egin zizkidaten. Hau ordea, bitxikeria bat baino ez da.
Larriena izozkien diru kutxatik 280 euro falta izan zirela da (izozkien diru kutxa giltza txiki batek irekitzen duen armairu baten barruan dago, bulegoan. Giltza txiki hau batzordekoek bakarrik erabil dezakete). Gainera, inork ez zuen azalpenik eman behar izan. Nire bazkidea eta ni 280 euro gutxiagorekin eta isilik! Familiakoak direnez... Ez dirudit batere zuzen taberna eta inguruetan halako jauntxokeriarik.
Gauzak horrela, jende honek bere ardurak ondo betetzen dituela esan al daiteke? Hankarik sartu ez dutela esan al daiteke? Ni, pertsonalki, kalean nago... bakoitzak egin dezala bere ekuazioa. Hala ere, badakit ez nindutela hankasartzeengatik kaleratu, faraonak hala nahita baizik, baina hiruko erregela hori erabili nahi badute...
P.D.: Nire aurretik tabernan jardun zuenak ez zuen hankasartzerik egin eta familiaren presiopean alde egin zuen.
Agur.
Iñaki Olabezela Iturriaga.
Zarautz
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide