Iñaki Uria. Berria.
Alde batetik, "pozik eta arinduta" sentitzen da Iñaki Uria, Egunkaria auzian auzipetutako zarauztarra. "Zama handia kendu dugu gainetik. 11 urtean eraman dugun pisua". Zigor eskaera larriak eskatu zituen fiskalak auzi ekonomikoan auzipetutako Uria, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendirentzat, ustez diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzeagatik: 18 urteko kartzela zigorra eta 31 milioi euroko isuna. "Alde horretatik poztekoa da". Esan du arintze hori ez dela bakarrik pertsonala: "Sufrikario honetan egon garen zortzi lagunez gain, gure senideek eta ere asko sufritu dute. Zu zuzenean inplikatuta zaude auzian, baina azkenean familiartekoak, lagunak... asko sufritzen dute horren inguruan". Ustezko delituak preskribatuta daudelako artxibatu du kasua Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak. "1998, 1999, 2000,2001eko ustezko delituak dira leporatu dizkigutenak, eta horiek preskribituta daudelako itxi du auzia". Ontzat ematen dute auzipetuek hori, bestela epaiketa egin egin beharko zela: "Ez daukagu pasatu beharrik horretatik ere, dagoeneko nahikoa pasatu dugu".
Fiskalak epailearen erabakiaren aurrean helegitea jartzeko bost egun ditu orain. Hala ere, Uriaren ustez bukatu da ametsgaiztoa: "Fiskalak ez du heldulekurik. Deliturik egon ez den lekuan ez du zentzurik helegitea jartzea. Ez da guk ez genuela ulertuko; euskal gizarteak ez luke ulertuko eta instituzioek ere ez. Gure ustez bukatu da; espero dugu ez duela aurrera egingo". Bestalde jakinarazi du egon zitezkeen neurri kautelar guztiak altxa egin dituztela auto honekin.
Ez du ahaztu, ordea, azken hamaika urtean gertatutakoa: "Hamaika urte pasatu dira baina egunkari batek itxita jarraitzen du. Horrez gain, ezin da ahaztu atxilotuak izan ginela, urte eta erdi pasatu genituela kartzelan, torturatu egin gintuztela, zenbat diru gastatu behar izan den Berria ateratzeko...Hori guztia ez da txorakeria bat; gertatu dena oso potoloa da".