'Symphony' belaontzi bilbotarrak irabazi du Zumaiako uretan

Baleike 2014ko ekainaren 4a

Antolatzaileak eta parte-hartzaileak gustura geratu dira asteburuan Zumaian jokatu den Gipuzkoako IX. Bela Txapelketa-Zumaiako Udala Sariarekin. Aurten ere txapelketa bi mailatan banatuta egon da. Maila nagusian (IRC maila) garailea Bilboko Club Maritimo del Abra-ko Symphony ontzia izan zen Javier Onaindiaren gidaritzapean. Podiuma Zumaiako Bela Elkarteko Phoenix ontziak eta Bilboko Club Maritimo del Abrako Maitena ontziak osatu zuten, hurrenez hurren. Maila nagusian bina proba jokatu zituzten larunbatean eta igandean. Baldintza meteorologikoak oso egoki mantendu ziren astebukaera osoan; 15 korapilotako batez besteko haizeari eta itsasoaren egoera onari esker, estropada eremu ederra antolatzeko aukera izan zuten. Open mailan, berriz, Zumaiako Nautikoko Mastabakarra ontziak ozta-ozta irabazi zuen. Azkenean, Zumaiako Bela Elkarteko Arriero ontziak eta Zumaiako Nautikoko Trapaia ontziak bigarren eta hirugarren postuekin konformatu beharra izan zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide