Grises: "Aurten Mexikora joatea da taldearen helburua"

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 4a

http://youtu.be/bnAAbhOROzo

Elkarrizketa osorik irakurtzeko sartu albistean

[caption id="attachment_98002" align="aligncenter" width="300"]Grises musika taldea (Miriam Tamayo/Hitza) Grises musika taldea (Miriam Tamayo/Hitza)[/caption] Duela hamabi urte hasi ziren gaur egun Grises taldea den proiektua lantzen Zestoan, Grises Sueños izenburupean. 2009an Grises izenarekin geratu ziren, eta jada argitaratu dute beren hirugarren diskoa. Eñaut Gaztañaga (ahotsa eta gitarra), Alejandro Orbegozo (sintetizadoreak), Raul Olaizola (baxua), Amancay Gaztañaga (koroak) eta Gaskon Etxeberria (bateria) dira protagonistak. Estatuko areto nagusienetan aritu dira beraien kantak aurkezten eta zuzenekoetan duten indarra eta freskotasuna zabalduz, eta orain herriaren aurrean aritzeko ordua da. Larunbat honetako, ekainaren 7ko, Patana Fest musika jaialdian izango dute horretarako aukera paregabea. «Irrikaz gaude», esan dute taldekideek. Iraetan duten lokalean hartu dute HITZA. «Poztasunaren balorea transmititu behar dela uste dugu, baina borroka alderdi bat ere badugu», azpimarratu dute. Zer berritasun ditu Animal diskoak aurreko lanekin alderatuta? Eñaut Gaztañaga: Disko honetan, kontzertuetako energia eta entseguetako hotsa transmititzen saiatu gara. Orain arteko lanetan agertu ez den zuzeneko basakeria azaltzen dela uste dugu. Nolakoa izan da grabazioa? Pasadizorik ba al duzue? E.G.: Diskoa grabatu aurretik oso argi genituen abestiei egin beharreko moldaketak zein ziren. Alejandro Orbegozo: Eñauten Gaztain estudioetan grabatzen dugun hirugarren lana da. Asko ezagutzen dugu elkar, eta etxean bezala gaude. Azkenean, hori guztia diskoan erakustea da. E.G.: Pasadizoei dagokionez, abestien grabazio prozesuan denetik gertatu zitzaigun. Zestoan dagoen zinema zahar bateraino joan ginen bateria hotsa grabatzera. Hotz ikaragarria pasatu genuen, eta estudiora bueltatzerakoan konturatu ginen grabatutako ezerk ez zuela balio. Hori gertatu zen aste berean, gure disko gogorra apurtu zen; bertan grabatutako guztia galdu genuen. Zergatik aukeratu duzue Animal  izena diskoarentzat eta lan honetarako aurreneko single moduan? Amancay Gaztañaga: Josu Torrealdai argazkilariarekin egiten dugu lan, eta normalean berari uzten diogu aukeratzen diskoaren izena eta azaleko irudia. Kontzeptuari bueltak eman ondoren, diskoaren azalarentzako otso baten irudia proposatu zigun. E.G.: Diskoari eman nahi genion animali kontzeptuarekin eta zuzeneko puntu horrekin bat egiten duela uste dugu, eta beraz ideia hura ondo iruditu zitzaigun. Sony diskoetxearekin sinatu duzue disko hau. Zer onura ekarri dizkizue? A.O.: Promozioan. Diskoetxe handi batek leku gehiagotara iristeko aukera ematen digu. Hala ere, esan beharra dago Sonyrekin sinatu arren Origami Records-ekin jarraitzen dugula, bi diskoetxeen arteko tratu eta elkarlanari esker. E.G.: Origami Recordsek manager lanak egiten jarraitzen du eta Sony banaketaz, promozioaz eta bideoetako dirua jartzeaz arduratzen da. A.G.: Hasieratik ohartu ginen oso argi zituztela helburuak, eta horiek betetzeko denbora. Etengabe gurekin pentsatzen ari direla ikusi dugu, eta horrek alde ikaragarria suposatzen du. Hala ere, ez genuen gure izaera alternabioa galdu nahi. Oso garrantzitsua izango da bi diskoetxeen arteko elkarlana. Gaur egun sare sozialek promoziorako duten garrantzia ikusita, Youtuben VEVO kanala izateak asko esaten du musika talde bati buruz. E.G.: Egia esanda, guk ez genekien zer zen ere; Sonykoei galdetu behar izan genien. Raul Olaizola: Gure lana gustukoa dute, eta hori oso garrantzitsua da. Erabat harrituta geratu ginen bertako asko aspalditik gure jarraitzaileak zirela jakin genuenean. Azken lan honekin, zuek nahi zenuten bidea edo estiloa topatu duzue? E.G.: Ez gara geldirik egoten, disko bat amaitu orduko gauza berriak esperimentatzen hasten gara. Hala ere, lan honetarako nahi genuena lortu dugu. R.O.: Kontzertuetara etortzen direnen erantzuna oso garrantzitsua da. Taldearentzat seinale positiboa da jarraitzaileek gure abesti berriak gustukoak izatea. E.G.: Errepertorio zabalagoa edukitzeak, zuzeneko indartsuagoa prestatzeko aukera handia ematen digu; abesti guztiek ez baitute modu berean funtzionatzen. Uda hurbiltzen ari da. Kontzertu asko al dituzue prest datozen hilabeteetarako? E.G.: Disko berria aurkezteko bira bat egitea pentsatu dugu estatuko hiriburu garrantzitsuenetan. Uda honetan jaialdi askotan joko dugu, eta kontzertu data asko ateratzen ari zaizkigu. R.O.: Oraindik ez dakigu ziur, baina Hego Amerikara kontzertuak ematera joateko aukeraz hitz egiten ari gara. E.G.: Aurten Mexikora joatea da gure helburua. A.O.: Bai. Aurreko eta azkeneko diskoak han ere zabalduta daude, eta bertan jarraitzaileak ditugu. Larunbat honetan Patana Fest jaialdian hartuko duzue parte, herrian bertan. A.O.: Aurreko urtean ezin izan genuen kontzerturik eskaini gure lehengoko bateria jotzaileak istripu bat izan zuelako. Jaialdiaren antolaketan Eñaut, beste lagun bat eta ni gaude, beraz pena handiagorekin geratu ginen. Horregatik aurten gogo bikoitzak dauzkagu, aspaldian ez dugu kontzerturik eskaini Zestoan eta gogotsu gaude. Etxean jotzeak bere xarma dauka, eta herritik kanpo eskaintzen ditugun kontzertuera etorri ezin duen jendeak gogo handiak ditu taldea ikusteko. E.G.: Gainera, aurten parte hartzen duten taldeak lagunak dira eta giro oso ona egongo da. A.G.: Euskal Herrian kontzertuak eskaintzea gozamena da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide