Zarauzko Jentilbaratza taldeak eskalada horma berri bat du Aritzbatalde plazan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko ekainaren 4a

Jentilbaratza taldearen rokodromo berria (Amaia Ventas/Hitza) Zarauzko Jentilbaratza Eskalatzaile Taldearen proiektuaren «biziraupena bermatzeko», lokal berria eskaini dio udalak. Lehen Bizkaia kalean zuten eskalada horma, eta «urte askoan zain egon ondoren», irailean eman zizkion udalak Zuberoa kaleko lokaleko giltzak, Aritzbatalde plaza inguruan. Jakinarazi dutenez, aurreko lokalagatik alokairu jakin bat ordaindu beharra zuten bazkideek, eta taldeak urtero «gorriak ikusten» zituen aurrekontua orekatzeko. Ezustekoren baten aurrean—bazkide kopurua jaitsi edo alokairua igoz gero, besteak beste— entrenatzeko gunerik gabe geratzeko «arriskua» zutela ohartarazi dute eskalatzaileek. Rokodromo berria aurrekoaren antzekoa da, tamaina berekoa baina pixka bat baxuagoa. Hala ere, urteetako eskarmentuari esker «hobeto aprobetxatu» dutela jakinarazi dute. Alokairurik ordaindu behar ez dutenez, gainera, materialean inbertitzeko aukera izan dute, eta ondorioz, baita erabiltzaileen segurtasunean ere. Hala, koltxoneta berriak erosi dituzte, taldekideen arabera hori baitzen «gabezia handiena». «Lehengo eskalada hormak altuera handia zuen, eta genituen koltxonetak arriskutsuak ziren, zaharrak baitziren», nabarmendu du Andima Arregi Jentilbaratza taldeko kideak. Koltxoneta berriak «homogeneoagoak» direla nabarmendu du, eta erorketak arintzen dituztela. Horrez gain, helduleku berriak ere eskuratu dituzte. Txukundu, auzolanean Giltzak jaso ondoren, irailean  hasi ziren gunea atontzen, auzolanean. Lehenbizi rokodromo zaharra desmuntatu zuten, eta baita kiroldegiko eskalatzeko materiala ere; udalak eskainitakoa zen. Gero guztia lokal berrira eraman eta estruktura muntatu zuten. «Orain arte estruktura arinak erabili izan ditugu, baina proiektu honetarako burdinezko zutabe trinko batzuk baliatzea egokiagoa zela pentsatu genuen, espazioa hobeto aprobetxatzen laguntzen baitziguten», azaldu du. Ondoren, panelak eta koltxoneta berriak kokatu zituzten Aritzbatalde plazako lokalean, aldagelak txukuntzeaz gain. Oraindik xehetasun batzuk falta diren arren, «garrantzitsuena eginda» dagoela jakinarazi du. Duela 14 urte sortu zuten Jentilbaratza taldea, Zarauzko eta inguruko eskalatzaileek entrenatzeko lokal egoki bat izan zezaten. Jakinarazi dutenez, garaje zahar batean rokodromo txiki bat atondu zuen talde aitzindariak, eta 2000.urtean erregistratu zuten taldea. Ordundik hainbat lokal izan dituzte. Zarautzen bi eskalada horma daude egun: Lizardi institutukoa eta Jentilbaratzarena. Azken hori da, ordea, barkaka entrenatzeko aukera ematen duen bakarra. Lizardikoa sokarekin eskalatu behar da, eta horretarako beharrezkoa da eskalatzaileaz gain sokalaguna ere bertan izatea. Jentilbaratzarenak, berriz, boulder edo blokea egiteko balio du; altuera txikia du—3,5 metro— eta lurra koltxonetez estalita dago. Egun 46 bazkidek osatzen dute taldea, haurrek zein helduek.  Bazkide izateko baldintza bakarra bete behar da: urteko kuota ordaintzea. Helduek 80 euro ordaintzen dute urteko, eta haurrek, berriz, 40 euro. Horrez gain,  100 euro ordaindu beharko dira, sarrera kuota moduan. Haurrek horiek gainbegiratuko dituen heldu batekin bertaratu ahalko dute. Interesa dutenek jentilbaratzarok@gmail.com helbidera idatz dezakete izena emateko. Eskalatzeko leku egokia eskaintzeaz gain, urtean zehar hainbat irteera ere antolatzen dute, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide