Musika eta zinema izango dira nagusi ekainean zehar, Azkoitiko Matadeixen 18. urteurrenean

Olatz Prat 2014ko ekainaren 4a

Azkoitiko Matadeixe (Argazkia: Ane Olaizola) Matadero Ekintzak kolektiboak 18. urtemuga ospatuko du hil honetan. Gaur bertan hasiko dituzte ospakizun jarduerak, eta zinema eta musika izango dira protagonista nagusiak hilabete honetan. Adingabeak izeneko zine zikloarekin hasiko da urteurreneko ospakizuna. Bost film eskainiko dituzte, eta denetan adingabeak izango dira protagonistak. Matadero Ekintzak taldeko Alots Arregik azaldu duenez, «18 urte bete ditugunez, gaztetasunetik heldutasunerako aldaketa hori islatu nahi izan dugu. Protagonistek ere adin inguru horretan izan ohi diren problematikak dituzte». Bestetik, kontzertu ugari izango da; bertako nahiz kanpoko taldeek beteko dute Matadeiko oholtza. «Azkenaldian izan ditugun eskaintzekin osatu dugu kontzertuen zerrenda, eta denetarik egongo da», adierazi du Arregik. Antzerki Jardunaldiekin pozik Otsailaren 16tik ekainaren 1era egin dituzte Matadeiko V. Antzerki Jardunaldiak. Bederatzi antzezlan eskaini dituzte, eta «balorazio positiboa» egin dute. Iñigo Aranbarrik adierazi duenez, «iaz bezala, nabaritu da jendearen fideltasuna, errepikatu ere egin baitu jendeak». Haurrentzako emanaldian izan zen jende gutxien, Azkoitiko danborradaren egun berean egokitu zelako. Calla y come antzezlana izan da, berriz, jendetsuena, 80 lagun ingururekin. «Egia esan, lekua ez denez oso handia, erraz goxatzen da, eta giro atsegina sortzen da berehala», iritzi dio Aranbarrik. Bosgarren urteurrena izanik, urria alderako beste pare bat antzezlan programatzeko asmotan dabiltza, «antzerki taldeek ere interesa erakutsi baitigute hemen aritzeko». Lan horietako bat Oier Guillan eta Jabier Barandiaran sortzen ari diren Salto antzezlanaren aurre estreinaldia izango da. Bestalde, Azkoitiko Udalak abiatu duen Matadeiko Bekarekin «oso gustura» daude Matadeixen, «azken batean, balorea ematen baitzaio bai eraikinari, bai azken urteotan bertan egin denari», azaldu du Alots Arregik. Matadeixen 18. urtemugako egitaraua Ekainak 4, asteazkena - 21:30. The kings of summer. Zuz.: Jordan Vogt-Roberts. Adingabeak zine zikloa. Ekainak 7, larunbata - 21:00. Ipaka party. Afaria eta afalostea, musikaz girotua. Ekainak 11, asteazkena - 21:30. The last picture show. Zuz.: Peter Bogdanovich. Adingabeak zine zikloa. Ekainak 12, osteguna - 22:00. Schnaak alemaniarren eta Za! kataluniarren kontzertuak. Ekainak 13, ostirala - 22:30. Betunizer valentziarren, Viva Bazooka gasteiztarren eta Slaktuis taldeen kontzertuak. Ekainak 18, asteazkena - 21:30. Les Geants  (Bouli Lanners) eta Scenes from the suburbs. Adingabeak zine zikloa. Ekainak 20, ostirala - 22:00. La vie d’Adélé. Zuz.: Abdellatif Kechiche. Adingabeak zine zikloa. Ekainak 21, larunbata - 22:30. Jay talde galiziarraren eta Las Nurses asturiarren kontzertuak. Ekainak 25, asteazkena - 21:30. Kids. Zuz. Larry Clarck. Adingabeak zine zikloa. Ekainak 28, larunbata - 12:30. Bizipoteoa, bizikletan. - 14:30. Bazkaria. - 20:00. Mokadua eta Gau Beltza, DJak eta musika beltza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide