Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kultur aniztasunaren garaian murgilduta dago mundua, eta musika kulturen arteko topagunea izan ohi da askotan. Milaka kilometrok banatu arren, Foghorn Stringband musika talde amerikarraren folk doinuak Tapia eta Leturiaren triki hotsarekin uztartu, eta erdibideak eta nahasketak oso atseginak eta erakargarriak izan daitekezkeela frogatuko dute bihar 21:30etik aurrera Euskalduna tabernan, Kafe Torero Kultur Programazioaren barruko emanaldian. Antolatzaileak oso gustura daude saioarekin. «Guretzat luxua da Foghorn String Band moduko talde bat Kafe Toreron izatea. Hemen ezagunak ez badira ere, mundu osoan zehar eman dituzte kontzertuak, eta folk amerikarraren estiloan oso entzutetsuak dira». Horretaz gain, Tapia eta Leturiak egun elkarrekin «oso kontzertu gutxi» ematen dituztela gogorarazi du Xabier Etxeberria antolatzaileak. «Pozgarria» iruditzen zaie bertako musikaren eta folk amerikarraren arteko fusioa Euskalduna tabernan izatea.
Tapia eta Leturiak iaz Kafe Torero egitasmoko ikasturteko azken saioa eskaini zuten, eta kantu berriak eta zaharrak tartekatuz «giro bikaina» izen zela nabarmendu du Etxeberriak. «Aurten Joseba Tapia bera jarri da gurekin harremanetan. Talde amerikarrekoak lagunak zituztela, eta haiek Euskal Herrira zetozenez bi taldeek elkarrekin jotzea proposatu zigun», azaldu dute antolatzaileek. Kafe Toreroko kideek gustura hartu zuten proposamena, eta bihar iluntzean kontzertuaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak.