Zumaiako komentuko aterpetxea urte osoan erabiltzeko lanak hasiko dituzte

Baleike 2014ko ekainaren 4a

Komentuko lurrak (Gorka Zabaleta/ Baleike) Gai mamitsuak jorratu ziren Zumaian maiatzeko ohiko udalbatzarrean. Besteak beste, animalien ordenantza behin betirako onartu da; laster martxan jarriko diren zenbait lanen berri ere eman du udalak. Komentua Uda partean Donejakue bideko erromesentzako aterpetxe izaten da Komentua, baina gainerakoan ez dago erabilgarri urte osoan. Udalak zabalik mantendu nahi du urte osoan, eta horretarako azpiegitura egokitzeko eta txukuntzeko lanak egingo dituzte. Guztira 20 gela inguru prestatuko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jaso du udalak,  eta lanak ekainean bertan hasiko dituzte –udal langileen brigadak egingo ditu lehen lanak–. Uztailean erromesei zabaltzerako lan handiena egina egongo da. Behin obrak amaitutakoan, lehiaketa publikora aterako da aterpetxearen kudeaketa. Aterpetxearekin batera, lorategia eta baratzea ere erabilera publikorako prestatuko dituzte. Irailean hasiko dira lanak. Baratzea inguratzen duen harresian ate bat zabalduko dute Arritokieta kaletik. Aterpetxerako sarrera ere hura izango da aurrerantzean. Soberakina iaz udalean 2013ko aurrekontuen likidazioan emaitza positiboa aurkeztu du udalak. Zehazki, 364.000 euroko soberakina gelditu da iazko udal aurrekontuetan. Aurreikusitako proiektuen eta inbertsioen exekuzio maila ere altua izan da, %86koa. Dirua erabiliko da luizia izan zuen Talaimendiko malda egonkortzeko. 310.000 euroko aurrekontua dute lanek, eta udazkenean egingo dituzte. Maldaren jabetza publikoa edo pribatua den oraindik garbi ez dagoen arren, udalak ordainduko ditu lanak, eta jabetza argitzen denean zurituko dira kontuak. Txakurrentzat guneak Animaliei dagokien ordenantza behin betiko onartu da azken plenoan. Herritarrek aurkeztutako helegiteen artean, txakurrak aske uzteko guneen eskaera izan da oihartzun gehien izan duena. Ordenantzaren azken bertsioan jaso da guneak jarriko direla, baina ez dira zehaztu. Gune horiek zein izango diren eta nola erabiliko diren erabakitzeko udalak bilerara deituko ditu zakur jabeak. Han adosten dena alkate-dekretu bidez jarriko da indarrean. Txakurra Zumaian erroldatuta daukaten zakur jabe guztiek jasoko dute ordenantzaren liburuxka eta bilerarako gutuna. Udalbatzak aho batez onartu du. Kreditu aldaketa Aurrekontuan adjudikatuta dauden diru kopuruak atal batetik bestera mugitu ahal izateko kreditu aldaketa egin behar izaten du udalak, Udalbatzaren oniritziarekin. Azken udalbatzarrean 2014ko bosgarren kreditu aldaketa egin dute: Mojaxarren komentuko plangintza orokorretik 13.500 euro kendu dira; 50.000 euro frontoiaren urbaniazio planaren lehen fasetik; eta beste 11.000 aurrekontu parte-hartzaileetatik. Diru hori erabiliko da Aita Mari kalean obrak egiteko (25.000 euro; guztira 200.000 eurotik gora), Erkibe etxea desjabetzeko epaiketan (25.000 euro) eta ZIIZen panelak egiteko (10.000 euro). Bilduk eta Aralarrek alde bozkatu dute; EAJk kontra eta PSE-EEk abstentzioa eman du. Aita Mari kalean lanak Aita Mari kalean obrak egingo dituzte udazkenean. Alde batetik, errepide erdian dauden irlak kendu egingo dituzte. Espazio hori irabazita, bidegorria jarriko dute, Aita Mariko etxeen aldetik, zehazki oinezkoentzat markatuta dagoen bidearen ondoan. Erdian dauden parolak kendu eta Basadi aldeko espaloira eramango dituzte. Kontsumo gutxiko argi berriak jarriko dituzte, aldundiaren diru laguntza bat baliatuta. Basadi aldeko espaloia zabaldu egingo da. Aita Mari kalearen hasieran, Basadiko aldean, dauden garajeek hezetasun arazoak dauzkate eta konpondu egingo dituzte obrarekin. Udalak eta bizilagunek hitzarmen bat adostu dute: udalak goiko urbazinazio guztia ordainduko du, eta jabeak sare asfaltikoaren azpitik egin beharreko lanen kargu egingo dira. Industriaz panelak Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroak egindako ikerketa lanaren emaitza ezagutzera emateko informazio panelak jarriko dituzte zenbait interesgunetan. Duela egun gutxi webgunea aurkeztu zuen ZIIZek, eta panelak jartzea izango da hurrengo urratsa. Erkibe etxerako dirua Erkibe etxearen desjabetzea jasotzen da udaleko arauetan 1990eko hamarkadatik. Udalak akordio batera iritsi nahi du jabeekin desjabetzea gauzatu gabe –ez du dirurik Erkibe erosteko–, baina bitartean gaia epaietegian dago. Jabeek etxearen eta lursail osoaren balorazio ekonomikoa aurkeztu diote epaileari –milioi bat eurotik gorakoa azkena–, baina udalak dio bere garaian zehaztutako helburuak gauzatzeko –plaza azpiko aparkalekuak– nahikoa duela lursailaren zati batekin, dena desjabetu gabe, eta 25.000 euroan baloratu du zati hori. Diru kopuru hori gordeta daukala justifikatzeko egin da kreditu aldaketa. Udalak berez baztertua dauka plaza azpian aparkalekua egitea, baina desjabetzearen auzia ez da dago gelditzerik bi aldeen artean akordiorik ez badago. Desjabetzea agintzen badu epaileak, ahalik eta gutxien ordaindu nahi da. Hortik udalaren argudioa. Santiagoko hondartza Zumaiako Udalaren aspaldiko borroka da Santiagoko hondartzako azpiegiturak berritzea eta osatzea. Besteak beste, irisgarritasun arazoak konpondu nahi dira, eta taberna ere eskaileren parera eraman. Espainiako Gobernuarena da eskunduntza, eta proiektua idazteko konpromisoa berretsi du. Beste kontu bat da lanak noiz gauzatuko diren. Hiru gai, hiru mozio Hiru gairen inguruko mozioak aurkeztu eta eztabaidatu dira. Lehena, Euskal Selekzioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubidearen aldekoa, aho batez onartu zen –PSE-EEk ere alde bozkatu zuen–. Kutxaren etorkizunaren inguruan, proposamen bana aurkeztu zuten Bildu-Aralarrek eta EAJk. Kutxaren pribatizazio prozesua salatzen du udal gobenuak aurkeztutakoak, eta hura onartu zuen plenoak. Haustura hidraulikoari buruz ere bi mozio aurkeztu ziren. Erabat aurkakoa den Bildu-Aralarrena onartu zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide