Asteburuan jokatu da Gipuzkoako IX. Bela Txapelketa-Zumaiako Udala Saria, eta Bilboko Symphony izan da irabazlea. Hemen irakur dezakezue Josu Fernandez Arroiabek bidali digun kronika:Igandean jokatutako bi frogekin amaitu da aurtengo Gipuzkoako IX. Bela Txapelketa eta aurtengoan ere bai antolakuntza eta baita parte hartzaileak ere oso gustura geratu dira. Aurten ere txapelketa bi mailatan banandua egon da. Maila nagusian (IRC maila) garailea Bilboko Club Marítimo del Abra-ko SYMPHONY ontzia izan da, eta podioa osatzen Zumaiako Bela Elkarteko PHOENIX ontzia eta Bilboko Club Marítimo del Abra-ko MAITENA izan dira hurrenez hurren. Maila nagusi honetan bina froga jokatu dira larunbat eta igandean. Baldintza meteorologikoak oso egoki mantendu dira astebukaera guztian zehar. 15 korapilotako batazbesteko haizeari eta itsasoaren egora onari esker estropada eremu ederra antolatzeko aukera izan da aurtengoan. Egoera ezin hobe hauetan Javier Onaindiaren SYMPHONY ontzia izan da tanda guztien garaile eta oraingoan ere argi utzi du baldintza hauetarako zein ongi dagoen egokituta ontzia eta zein defendagarria bihurtzen den bere rating-a. Open mailan berriz, Zarautzeko Moillarrira joan-etorria egin da, eta Zumaiako Nautikoko MASTABAKARRA ozta-ozta izan da garaile. Azkenean, Zumaiako Bela Elkarteko ARRIERO ontziak eta Zumaiako Nautikoko TRAPAIA-k podioko bigarren eta hirugarren postuekin konformatu beharra izan dute. Urtero bezala azpimarratzekoa izan da frogen antolakuntzan [...]