Datorren urteko urte hasieran edo udaberrian hasiko dute Aldapetako proiektu orokorra. 60 etxebizitza eraikiko dituzte guztira, horietatik 48 tasatuak izango dira eta 12 alokairura bideratuko dituzte. Etxebizitzez gain, Vista Alegre auzoko irisgarritasuna bermatuko duen igogailua ere egingo dute, galtzada erromatarra konponduko dute eta baita ubide berria eraiki ere. Santa Barbarako ur biltegi berritik behera joango da hori, eta hodi horren bidez Alde Zaharra eta Salbide hornituko dituzte.
Era berean, Santa Ana Fundazioarekin elkarlan hitzarmen bat sinatu du udal gobernuak, fundazio horren beharren araberako azpiegiturak ere proiektu orokorrean jasotzeko. Udal artxiboa ere aintzat hartuko da, espediente zaharrak berreskuratze aldera.
Hori guztia egin ahal izateko urbanizazio proiektua eta xehetasunen azterketa behin betikoz onartu beharko dituzte aurrez. Behin-behinean maiatzaren 9an onartu zituzten, eta Zarauzko udal gobernuaren aurreikuspenen arabera, beranduenez uztailean onartuko dituzte behin betikoz, gero etxebizitzen zozketaren oinarriak irailean onartu ahal izateko.
Bestalde, udan egingo dituzte lurren salmentarako pleguak. Lurrak saltzerakoan lehentasuna emango dio udal gobernuak «etxebizitza tasatuen prezioa jaisteari, eta ez udalak berak hori saltzearekin lortu dezakeen diru kopuruari». Zentzu horretan, udalak ezarriko du etxebizitza tasatuen gehienezko prezioa. Halaber, Vista Alegreko irisgarritasuna, galtzada, ubidea eta etxeentzako lanak hartuko dituzte kontuan pleguak egitekoan. Eta azpiegiturei dagokienez, berriz, Santa Ana Fundazioarekin eta udal artxiboarekin akordioak.
Plana eraldatzeko beharra
Aldapetakoa «aspalditik» datorren kontua da. Udalak gogoratu du 2009ko ekainean onartu zuela Aldapetako Plan Berezia orduko udal gobernuak, eta hilabete beranduago plan horri zegokion jarduketa programa. Urte bereko abenduan lurren salerosketa akordioa sinatu zuen Santa Ana Fundazioarekin. Urtebete beranduago, fundazio horrek eskaera berria egin zion: aurrez adostutako azalera baino handiagoa behar zuela. «Udalak ez zien erantzun».
2011ko apirilean, udal hauteskundeetarako hilabete falta zela idatzi zuen Zarautz Lurrek birpartzelazio egitasmoa, eta etxeen zozketako oinarriak onartu zituen erakunde horretako kontseiluak, «presaka». «Hauteskundeetarako bi egun falta zirenean onartu zituzten. Berdin izan zitzaien udal teknikariek kontrako txostenak aurkeztu izana», salatu dute udal gobernuko kideek: «Proiektua bera oraindik onartu gabe zegoen arren, aurreko udal gobernuak zozketaren oinarriak onartu nahi izan zituen korrika eta presaka. Proiektu zirriborroak ez zituen Zarauzko Plan Orokorra eta Aldapetako Plan Berezia errespetatzen, eta ez zekiten zenbateko kostua izango zuen proiektuak berak ere».
Udal hauteskundeen ondoren, EH Bilduk hausnarketa egin zuen gaiaren inguruan, eta proiektua eraldatzea erabaki zuen. Santa Anaren beharretara egokitzen den akordio berria lantzen hasi zen orduan udal gobernu berria. Bestalde, aurrez saltzeko asmoa zuten 60 etxebizitzetatik 48 tasatuak izango zirela adostu zuen, eta beste 12 alokairukoak.
Vista Alegreko bizilagunekin ere bildu ziren udal gobernuko kideak. Bertan funikularraren ordez, auzoko «irisgarritasuna bermatuko duen igogailu bat» eraikitzea egokiagoa dela adostu zuten bi aldeek.
1zarautz.hitza.eus