Gimnasioa handitzeko bi astez itxita egongo da Orioko Karela kiroldegia

Urola Kostako Hitza 2014ko ekainaren 3a

Bi astez itxiko dute Karela Kiroldegia. (Egilea: Aiora Larrañaga) Erabiltzaileen beharretara egokituko dute Karela kiroldegia, eta horretarako ekainaren 16an itxi egingo dute kirol zentroa hilaren 30era arte. Asmoa gimnasioa handitzea dela azaldu dute kiroldegia kudeatzen duten BPXport enpresako kideek. «Gaur egungo gizonezkoen spa eta sauna kendu egingo ditugu, eta eremu hori gimnasioari gehituko diogu, horrela gimnasioa handitzeko». Ondorioz, ekainaren 30etik aurrera emakumezkoen spa eta sauna mistoak izango dira. BPXport enpresatik jakinarazi dute gimnasioko makinak berritzea ere aurrikusi dutela. Hala ere, kontu hori oraindik guztiz zehaztu gabe dagoela gaineratu dute. «Hondatuta dauden eta konpondu daitezkeen makinak konpondu egingo dira, eta gimnasioa handituko denez, makina berriak ekartzea ere aurrikusi dugu». Dena dela, kiroldegiko arduradunek argi utzi nahi dute prozesu guztia ez dela hamabost egunetan egingo. «Igeltseritza lanak egingo ditugu kiroldegia itxia dagoen bitartean, baina gainontzekoa pixkanaka egingo dugu, uztailean zehar ere aldaketak egiten jarraituko dugu», zehaztu du Karela kiroldegiko kudeatzaile Gari Garagarzak. Beharretara egokituz Kiroldegiko arduradunek badakite kiroldegiko gimnasioa herritar askok erabiltzen dutela, eta hala, «egungo errealitatera» egokitu nahi dute eremua. «Txikia geratu da gimnasioa, eta lekugabezia horri irtenbidea eman nahi izan diogu aldaketekin. Horretaz gain, kiroldegiari berritasun puntua ere eskaini nahi diogu, kirolarientzat ona baita bere jardunean berrikuntzak izatea. Egunero gimnasiora joaten diren erabiltzaileek eremu egokiagoa antzematea nahi dugu», azaldu du Garagarzak. Gimnasioa handitzearen proiektua ez da azken hilabeteetan sortu. Izan ere, proiektuak denbora darama udal agintarien mahai gainean. «Orioko Udala kiroldegiko beharrez konturatuta zegoen, eta bere inbertsioa da kiroldegiko obra. Udal Gobernuak ikusten zuen kiroldegian aldaketak egin beharra zegoela, eta erabiltzaileek ere horrela eskatzen zuten. Horregatik, guk kiroldegiaren kudeaketa hartu dugunean proiektuarekin bat egiten dugu, azpiegiturarentzat positiboa baita». Kiroldegia ekainean itxiko dutenez, beste urteetan irailean egiten zituzten mantenu lanak egiteko aprobetxatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide