Ostiralean aurkeztu zuten Orion Gure Esku Dago herri ekimena. (Egilea: Rosi Lazkano)
Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, giza-kate erraldoia egingo da datorren igandean Durango eta Iruñea artean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde eta oriotarrak ere bertan izango dira. Ostiral arratsaldean aurkeztu zuten Gure Esku Dago herri ekimena Orioko Kultur Etxean eta Orioko Udalbatza osatzen duten udal talde politikoek (EAJ, Bildu eta Orainek) babesa agertu diote ekitaldiari eta erabaki dute autobusen gastuaren erdia Udalak hartuko duela bere gain.
Giza-katea igandean izango bada ere, antolatzaileek jakinarazi dute oriotarrek oraindik ere izena emateko aukera badutela; horretarako, antolaketa taldeko Rosi Lazkanori 671 070 569 telefono zenbakira hots egin behar diete. Horretaz gain, internetez Gure Esku Dago ekimenaren webgunean
www.gureeskudago.net/eu/-n eman dezakete izena.
Oriotarrek Urretxu inguruan giza-katearen 43. kilometroa osatuko dute zarauztarrekin eta aiarrekin batera. Orioko autobusak09:00etan aterako da autobus geltokitik eta 10:00ak aldera iritsiko da Urretxura. Giza-katea 12:00etatik 12:30era bitartean egingo da eta ondoren egun osoko festa antolatu dute Lazkaon . Etxean bazkaritarako egon nahi dutenek 13:00etan izango dute bueltako autobusa eta Lazkaon festan geratu nahi dutenentzat 19:00etarako antolatu dute bueltako autobusa.
Autobusaren prezioa 10 eurokoa da, baina Orioko Udalak ordainduko du prezioaren erdia eta oriotar bakoitzak bost euro ordaindu beharko ditu egunean bertan.