Ipaka Izarraizpeko Aniztasun Astea hasiko da gaur

Ane Olaizola 2014ko ekainaren 2a

Kultur aniztasunaren topalekua izango da Ipaka
(Ane Olaizola) Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Elkar-ekin Azpeitiko taldeak elkarlanean, Ipaka Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren Astea prestatu dute datozen egunetarako. Bigarren urtez ospatuko dute egitasmoa, bailaran dagoen aberastasun kulturala gizartzeratzeko eta jatorri desberdineko herritarren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin. Gaurtik larunbatera bitartean, Azkoitian eta Azpeitian egingo dituzte ekintza guztiak. Aurreko urtean bezala, munduko hainbat kulturen topagunea da Ipaka. Izan ere, jatorri eta kultura anitzen bailara da Urola Erdia, eta horien guztien aitortza egingo dute egitasmoaren bidez. Ohiturak eta bizimoldeak partekatuko dituzte astean zehar, tailerren, solasaldien, musika saioen eta jan-edanaren bitartez. Izan ere, ostegunean eta larunbatean topaketak egingo dituzte, eta bertan Euskal Herriko, Pakistango, Senegalgo, Marokoko, Saharako nahiz Hego Ameriketako herrialdeak elkartuko dira jai giroan. Herritar guztiei aitortza Azpeitiko Elkar-ekin taldea izan da aurten antolatzaileetako bat. Ostegunean Aniztasun Topaketa egingo dute Azpeitian, Ipaka astearen barruan. Taldeak «garrantzitsutzat» jo du «adierazpen kulturalei lekua egin eta hainbat jatorritako herritarrei hitza ematea». Beraz, hango eta hemengo herritarrak batuta, elkar ezagutzea eta guztien arteko elkarbizitza bultzatu nahi dute saioen bitartez. Elkar-ekin taldeak iazko urtearen amaieran jarri zuen martxan Jatorri Aniztasuna lantzeko lan-taldea, eta ordutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azpeitiko taldeekin eta eragileekin elkarlanean. Gai horren lanketan parte hartzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte taldera. Asteartero elkartzen dira, 19:00etan, Baigerako lokalean.
  • Ekainak 2, astelehena
21:00: Lunada ilargipean irakurketa, Azkoitiko Intxaustiko parkean.
  • Ekainak 4, asteazkena
17:00: Umeentzat lantegia, Azkoitiko Elkargunean.
  • Ekainak 5, osteguna
- 19:30. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, bideo emanaldia eta jatorri desberdinetako herritarrekin tertulia. - 21:00. Azpeitiko Udaletxe azpian, mural margotzea eta janari desberdinen dastaketa. - 21:30. Kontzertua, Tifariti Saharar taldearekin, Azpeitiko Udaletxe azpian.
  • Ekainak 6, ostirala
18:00. Kantujira apaindutako karroza, Azkoitiko Balda Plazatik plaza nagusira.
  • Ekainak 7, larunbata
- Goizean zehar. Azkoitiko Balda Plazan jai herrikoia. Herrialde desberdinetako janari dastaketa. - 16:00. Batu taldearen kontzertua, Balda Plazan. - 17:00. Tocumah Reggae Band taldearen kontzertua, Balda Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide