Ekainaren 8an, Durango eta Iruñea giza kate luze batek lotuko ditu. 123 kilometro eta 50.000 lagun. Guztiek mezu berdina helaraziko dute: herriak duen erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena. Zumaiak ere badu bere kilometroa, 47.a, hain zuzen ere, eta aspaldi lortuta dituzte kilometroa osatzeko beharrezkoak diren gutxieneko 400 pertsonaren izenak. Gure Esku Dago egitasmoko hainbat partaiderekin hitz egin du BALEIKEk. Nondik dator Gure Esku Dago ekimena? Mendigaña Gorostiaga: Adar ezberdinetatik dator. Alde batetik, Katalunian eman den prozesua dago; han, helmuga giza katea izan zen. Hemen ere horrelako prozesu bat eman nahi da, eta, horretarako, giza katea hartu da abiapuntutzat. Ezberdinen arteko bilgune bat elkartzeko sortu den giro berezi hau giza kate baten bidez erakustea da helburua Beste adarra, Jon Maiaren Gazta zati bat dokumentala da. Giro berezi batean sortu zen; ekimen batean du oinarria, ezberdinen elkartze batean. Gainera, horrek ere bidea egin zuen han prozesu bat eraikitzeko. Joanito Dorronsoro: Nik uste, hondoan, egoera politikoa ere badela. Politikariak alde batera utzi, eta herriak erantzun beharraren sentsazioa dago. Euskal Herrian oso momentu berezian gaude, eta hauxe da zerbait egiteko momentua. Krisi ekonomikoan gaude, Espainiaren jokabide eta egoera txarra, ezker abertzaleak eman duen aldaketa… Dena alde dago herria mugitzeko, eta olatu hau aprobetxatu egin behar da. [...]