Cordoba (ezkerretik laugarrena) eta Larrañaga (eskuinetik laugarrena) Udaleko eta Mendi Federazioko ordezkariekin eta Joxe Takoloren senitartekoekin. _ O.Prat
Jonatan Larrañaga getxoztarrak eta Manu Cordoba zaragozarrak gaur jaso dute mendizaletasun proiektuak laguntzen dituen Joxe Takolo Beka. Azpeitiko Udala, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak MBk finantzatutako beka da eta mendizaleek 3.000 euro jaso dituzte
Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier proiektua gauzatzeko. "Himalayako bailara ezezagunenetakoa" da udazkenean bisitatuko dutena, "bi-hiru aldiz soilik lortutako tontorrak dira egin nahi ditugunak", adierazi dute mendizaleek. Katmandu, Nepalgo hiriburutik iparraldera, Tibet eta Txinarekin muga egiten du bailara honek, eta duela urte gutxi arte atzerritar eta mendizaleei itxita egon den zonaldea izanik, askotan zapaldu ez diren lekuetan ibiliko dira alpinistak.
Ia bi hamarkadako ibilbidea dute Larrañagak eta Cordobak mendian eta duela 10 urte inguru elkar ezagutu zutenetik, asko dira elkarrekin egin dituzten espedizio eta irteerak. Abentura berri honetarako hirugarren lagun bat gehitu zaie, gainera, Jordi Coloma eskalatzailea. Coloma izana da lehen ere Rolwaling bailaran eta "abantaila" izango da hori taldearentzat. "Guretzat opari bat da Jordi etortzea, puntako eskalatzailea baita eta asko erraztuko baitizkigu gauzak", azaldu dute.
Estilo alpinistari garrantzia
Mendi garaiak egiteari baino garrantzia gehiago ematen diote mendizaleek estiloari, "6.500-7.000 metro inguruko mendiak dira egin nahi ditugunak, ez dira zortzi milakoak; baina estilo alpinoaz gozatzea da guretzat gakoa, sherparik gabe, soka finkorik gabe eta oxigenorik gabe ibiltzen baikara, gutxiengoarekin", azaldu du Larrañagak.
Udazkenean joan asmo dute Himalaiara. 40 eguneko espedizioa aurreikusi dute, horietatik 12-15 egun beheko kanpamendura iristen eta, mendi txikiago batzuk eginez, altuerara ohitzeko beharko dituzte. Gero 20 egun izango dituzte tontorra egiteko, "eguraldiaren menpe egongo gara ordea, aldeko faktore asko behar baitira mendi hauetan, eguraldia, elurraren egoera edota geure egoera fisikoa, esaterako".
Ez dute sona mediatikorik bilatzen, "buru eta bihotzak ohiko espedizio komertzialetatik urruntzera" daramatzatela aitortu dute; arrazoi horrengatik, askoz zailagoa da eurentzat esponsorrak eta babesleak lortzea. Horrenbestez, Joxe Takolo Bekak ematen dien laguntza eskertu dute, "gugan jarritako konfiantza eskertu nahi dugu eta ilusio guztiaz joango gara, gozatzera", esan du Cordobak. Horixe opa diete Manuel Unanue Udal kirol batzordeburuak, "ongi pasatzea, bueltan etortzea eta Joxe Takoloren izena munduan barrena zabaltzea". Euskal Mendi Federazioko presidente Joseba Ugaldek proiektuaren garrantzia nabarmendu du; "fruituak eman ditzan eta etorkizunena halako proiektu gehiago" egon daitezen desioa agertu die mendizaleei. Gaurko sari banaketan izan dira Joxe Takolo zenaren senitartekoak ere.