Getariako Bilduren oharra: "Hauteskundeen balorazioa"

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 30a

Lehenik eta behin, Getariako EH Bildutik getariar denok zoriondu nahi zaituztegu, eta era berean, gure eskerrik beroenak adierazi, beste behin jaso dugun babes itzelagatik. Izan ere, Getarian oraingoan ere lehen indarra izan da EH Bildu, 525 botorekin. Eta honek poz izugarria ematen digu. Gure herriaz harago, Gipuzkoan ere lehen indarra izan gara, baita Araban ere, ezusteko atsegina emanez. Nafarroan bigarren indarra izan gara, oso emaitza positiboak lortuz, baita Bizkaian ere. Eta horri guztiari esker, Hego Euskal Herriko zerrenda bozkatuena izan gara, 220.126 botorekin. Ondorioz, ordezkari bat lortu dugu Europarako, eta hau oso garrantzitsua da aurrera begira... Europan ahotsa izango dugulako, Josu Juaristi ezkertiar politikak, gatazkaren konponbidea eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea Europara eramatera baitoa. Estatu mailako emaitzei dagokionez, positiboki baloratzen dugu, bipartidismoaren gainbehera eta ezkerreko hainbat talderen emaitza ona (Podemos...). Eta Katalunian, Eskozian zein Flandrian independentistek eta erabakitze eskubidearen aldekoek lortutako emaitzak ere historikoak direla argi dago. Europan horiek guztiekin elkarlanean jarraituko dugu, herrion eskubideen defentsan. Amaitzeko dei egiten dizuegu getariar guztioi hemendik aurrera ere orain arte bezala bilduta jarraitu dezagun, elkarlanean herria eraikiz... Bilduta dagigun Euskal Herria! Getariako EH Bildu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide