Udal elkartearen Soldadura Zentroan izena eman daiteke ekainaren 20a bitartean

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 30a

Zumaiako Soldadura Zentroa. (Egilea: Urola Kostako Udal Elkartea) Urola Kostako Udal Elkarteak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu ez duten gaztetxoentzat soldadura eta fabrikazio eta muntaia zikloak antolatu ditu. Horrela, 15, 16 eta 17 urteko gazteak ikasketa praktikoen bidez lanbide baten oinarrizko ezagutzaren jabe izatea nahi dute. Era berean oinarrizko hezkuntza landu eta Erdi Mailako Ziklorako prestatuko dituzte ikasleek. Ikasturte bakoitzak 1050 ordu izango ditu eta astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara izango dira ikasleak  Urola Kostako Udal Elkartearen Soldadura Zentroan. Lehen ikasturtean lanbidearen oinarrizko ezagutza eskuratzea izango da helburua. Gainera, horren osagarri lanerako eta gizarterako prestakuntza eta banan-banako tutoretzak jasoko dituzte ikasleek.  Bigarren ikasturtean, berriz,  profil profesionala osatzeko gainerako ezagutzak landuko dituzte, lanerako garrantzitsuak diren alorretan espezializatuko dira. Urola Kostako Udal Elkartearen zentroak izena eman nahi duten gaztetxoek horretarako aukera izango dute ekainaren 2tik 20ra bitartean, Zumaiako Estazioko industriagunean dagoen Soldadura Zentroan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide