Ekainaren 13tik 15era plaza eraberritzeko egingo den herri galdeketaren harira, 'Plaza bizia' argazki erakusketa ipini du udalak. Galdeketa egunera arte plazan eta alde zaharreko kaleetan ikusgai izango dira argazkiak. Argazkia oihaletan inprimatu dituzte, gerora, plaza eraberritzeko lanak hastean aldamioak estaltzeko erabiltzeko asmoarekin.
Adierazi dutenez "herriko plaza berritu, bizitu eta indartzeko erabakia hartu du udalak, egungo gure plaza zaharkitua eta itzalduta dagoelako". Argazkien bidez herritarrei "Azpeitiko plaza historikoki gune bizia eta herritarren topalekua izan dela, oraindik ere badela eta elkarren artean izaera hori berreskuratu dezakegula" gogorarazi nahi diete; "plaza denon artean berritu eta bizitzeko aukera daukagu eta horretara gonbidatu nahi ditugu herritarrak", adierazi dute Iñaki Portilla eta Mikel Ibarzabal zinegotziek, herri galdeketan parte hartzeko deia eginez.