Mutxioko kantina (Aritz Mutiozabal)
«Zarauzko gune kuttunenetako bat txukundu eta berreskuratzeko helburuarekin», Mutxio parkeko kantina esleitzeko lehiaketa irekia antolatu du udalak. Hamar urte inguru dira gune hori erabiltzen ez dena, eta ondorioz, egoera «nahiko kaskarrean» dagoela nabarmendu du Mikel Goenaga Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak: «Eremu horren mantenua egiten da noizbehinka, baina oro har utzita dago. Urteetan eta urteetan ez da erabili, eta hori nabarmena da».
Hiru lagunek aurkeztu dituzte gune hori ustiatzeko proiektuak lehiaketara, eta Iker Irazustarena gailendu da, harena zelako «bere osotasunean eskaintzarik onena». Goenagak adierazi du hark egin duela kanonari dagokionez proposamen egokiena, eta horregatik eman diotela ardura hori. Irazustak uko egin diezaioke emakidari. Kasu horretan, zerrendan hurrengoari utziko liokete gunea erabiltzeko aukera.
Kanona, gunea txukuntzeko
Zarauzko Udalaren helburua eskatzaileari bere jarduera egin ahal izateko erraztasunak ematea da, baldintza «gogorregiak» ez jartzea «garrantzitsuena gune hori txukundu eta mantentzea baita». Ildo horretatik, esleipendunak udalari gune hori ustiatzeagatik kanon bat ordaindu beharrean, diru kopuru hori—5.766 euro urteko— Mutxioko kantina eta gainontzeko instalazio eta inguruak berreskuratzeko egin beharreko lanei aurre egiteko baliatuko dituela adostu du erakunde horrek.
Besteak beste, gune horretako gabeziak zuzendu eta kantina berritu beharko ditu kudeatzaileak. Teilatua konpontzeaz, berriz, Zarauzko Udala bera arduratuko da. Jada ari dira horretan. Hobekuntza lan guztiak Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzuetako Saileko teknikariek ikuskatuko dituzte. Mutxioko kantina erabiltzeaz gain, aktibitateak gehitu ahalko ditu esleipendunak, betiere irizpide jakin batzuen barruan.
Lagapena bost urterako izango da, baina epe hori luzatzeko aukera egongo da bi aldeek hala adosten badute. Gehienez hamar urtera luzatu ahalko da kontzesioa. Behin hamar urteak pasatuta, plegu berriak atera eta lehiaketa egingo lukete.
Herenegungo plenoan aho batez onartu zuten Irazustari eskaintzea gunea ustiatzeko aukera. Mariana Aranburu Ezker Anitzako zinegotziak gune hori txukundu eta bizitza emateko erabakia «zoragarria» dela nabarmendu zuen. Behin plenoan onartuta, esleipendunak berak ezarriko ditu epeak gunea berreskuratu eta kantina irekitzeko.