1,5 milioi euro inguru bideratuko ditu Getariako Udalak inbertsioetara

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 30a

Ulpiano Virgil-Escalera eraikinean osasun zentroa, haurreskola eta eguneko zentroan egingo dituzte. (Aiora Larrañaga/ Hitza) Getariako Udalbatzak 2014ko aurrekontua onartu zuen astelehenean Bilduren eta Getaiko Independentearen aldeko botoarekin. Getariak inoiz izan duen aurrekontu handienetakoa dela zehaztu zuen Aitor Irigoien Ogasun zinegotziak, 5.842.482 eurokoa, hain zuzen ere. «Kopuru oso handia da, eta horrek kudeaketan ardura izatea eskatzen du. Poza ematen digu krisi garaian hainbeste baliabide izateak, horrek inbertsio garrantzitsuak egiteko aukera emango baitigu», azaldu zuen udalbatzarrean Ogasun zinegotziak. Besteak beste, Ulpiano Vigil-Escalera eraikinean osasun zentroa, haur eskola eta eguneko zentroa gaituko dituzte; Aldamar parkea estaliko dute, herri bideak konponduko dituzte eta auzoetan haur parkeak jarriko dituzte. Horretaz gain, herriko kaleetan konponketak ere egingo dituzte. 2014ko aurrekontua aurrera ateratzea hainbat hilabetez atzeratu da, baina Irigoienek adierazi du aurrekontu egitasmo berria aurrekoa baino «zehaztuagoa eta osatuagoa» dela. «Inbertsioen atalean aldaketa positiboak egin ditugu zehaztasun eta adostasun bila, eta pozik gaude». EAJk berriz ere ezezkoa EAJ udal taldeak ezezko botoa eman zien aurrekontuei. «Martxoan aurrekontuak ez genituen onartu sinesgarritasun faltagatik, orain arte adostutakoa ez delako bete», azaldu zuen EAJko kide Uxoa Larrañagak. Talde jeltzalearen esanetan, bitan bildu dira Udal Gobernua eta EAJ 2014ko aurrekontuak negoziatzeko, eta «ez batean, ez bestean, ez dugu erantzun ofizialik jaso», salatu zuen Getariako EAJk. Larrañagaren esanetan, Bilduri hainbat proposamen egin zizkion EAJk negoziazio bileretan. «Diru laguntzak lotuta dituzten proiektuetarako gure babesa zuten. Dena dela, herrian leku estali baten beharra dagoela ikusirik, Sahatsaga Kiroldegi kanpoko pista estaltzeko proposamena luzatu genien. Horretaz gain, Menditxon gertatu dena ikusirik, Haitze kalean itsaslabarraren ikerketa geologiko bat egitea komenigarria dela uste dugu, eta horrela adierazi genion udal gobernuari». Getariatik Zumaiarako autobus geltokia egokitu eta txaletetara doan espaloia zabaltzea, saneamendu lanak egitea eta herri bideak berreskuratzea ere garrantzitsua iruditzen zaio EAJri. Bestalde, EAJk udalbatzarrean salatu zuen Amenabar etxe sustatzaileak proposatu duela Sahatsaga Goian 30 etxebizitza libre egin behar zituen eremuan, 20 libre eta 40 babestu (20 babes ofizialekoak eta beste 20 tasatuak) egiteko proposamena luzatu duela. «Zuek onartzeko prest zaudete, herrian zein behar dauden jakin gabe. Herrian ez badago eskaera nahikorik etxebizitza babestuetarako, zer egin behar ditugu, herritarrak ez direnentzat?», galdegin zuen Larrañagak. Ildo horretatik, udal gobernuak alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko aukera aztertu ere ez duela egin salatu zuen. Getariako 2014ko udal aurrekontuak 2014ko inbertsio nagusiak - Eguneko zentroaren egokitzapen lanak: 400.000 euro. - Haur eskolaren egokitzapen lanak: 298.000 euro. - Aldamar parkea estaltzeko lanak: 150.000 euro. - Saneamendua hobetzeko lanak: 65.000 euro. - Hainbat herri bideren konponketa lanak: 60.000 euro. - Lormendi aldapako urbanizzioa: 57.100 euro. - Balentziaga eraikineko egokitzapenak: 60.000 euro. - Auzoetan haur jolasak jartzeko: 15.100 euro. - Turismo arloko ekintzak: webgunea, Turismo Plana eta beste hainbat: 40.322 euro. - Kaleetan hainbat konponketa egiteko: 43.000 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide