‘Stereo’ eta ‘Eguzkilore’ lanekin bukatuko dira Azkoitiko Matadeiko Antzerki Jardunaldiak

Ane Olaizola 2014ko maiatzaren 30a

Azkoitiko Matadeiko Antzerki Jardunaldiak etzi, igandea, amaituko dira, ia lau hilabetetan zortzi saio eskaini ondoren. Bi antzezlan izango dira jardunaldien amaieran; Stereo eta Eguzkilore. Stereo antzezlana Miren Gaztañagak sortu, zuzendu eta antzezten du. Antzerkia eta dantza uztartuz, maskulinitatearen eta feminitatearen inguruko hausnarketa egiten du obraren bidez, lagunekin izandako solasaldiak oinarri izanda. Eguzkilore, berriz, Ane Arenas eta Erika Olaizola aktore azpeitiarrek sortu eta antzeztutako antzezlan laburra da. Taldeak berak azaldu duenez, «jaio da, iritsi da mundu honen lurrazalera antzerki honetako protagonista. Bi narratzailek erditu eta azalduko digute haren istorioa. Zerk egin lezake ba horren berezi hau guztia? Agian, bakoitzaren istorioak badu zeresanik ispilu honen aurrean jartzerakoan. Agian, zeu izan zintezke protagonista». 19:00etan hasiko dira antzezlanak, Matadeixen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide