Pilotako Herriarteko itzuliko partidak irabaziz gero, Azkoitia final laurdenetara igaroko da

Ane Olaizola 2014ko maiatzaren 30a

Herriarteko Gipuzkoako Txapelketa aurrera doa, eta aurreko astean Bergarari 1-2 irabazi eta gero, itzuliko partidak izango dituzte azkoitiarrek gaur. Etxean jokatuko du Azkoitiak, Gurea pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Joan zen astean, zuzenean final zortzirenetan hasi zen Azkoitia Herriarteko Txapelketan, eta gaur Bergarari irabaziz gero, final laurdenetara pasatuko da. Eskuzko modalitatean, eskualdetik Azkoitiak bakarrik jarraitzen du lehian, Zestoa txapelketatik kanpo geratu ostean. Zesta-puntan, Zumaia ari da parte hartzen txapelketan. Julen Oñederra eta Unai Garate kadeteek, Asier Unanue eta Imanol Lasa jubenilek eta Markel Andueza eta Jon Juaristi seniorrek osatzen dute Azkoitiko taldea. Azken hau Iñaki Iparragirreren ordez ari da jokatzen, lesionatuta dagoelako hori. Oteiza Pilota Elkarteak esperantzak ditu aurtengo txapelketarako, eta azkoitarrek joan zen astean bezala jokatzen badute, final laurdenetan sailkatzea aurreikusten dute. Bergaran, kadeteek eta jubenilek irabazi zituzten partidak, 4-22 eta 6-22, hurrenez hurren. Seniorrek, berriz, 22-5 galdu zuten. «Ondo jokatu genuen aurreko astean, kezka bakarra seniorrekin dugu, Juaristi oraintxe sartu delako maila horretara». Azkoitiak gaur aurrera egitea lortuko balu, hurrengo astean Asteasuren edo Zizurkilen aurka lehiatuko litzateke; Asteasu nagusitu zen joan zen astean Zizurkilen aurka. Pilota Elkarteak adierazi du bere lehen helburua txapelketan parte hartu eta «pixkanaka aurrera egitea» dela. «Finalera iristeko beti daukagu esperantza, baina ikusi egin beharko da aurten zer gertatzen den». Azkoitia da Herriarteko Gipuzkoako Txapelketa gehienetan irabazi duen herria; 16 aldiz izan da txapelduna, azkena 2006an. «Azkoitia ez da sasoi batean zena; herri guztietan bezala, hemen ere galdu egin da pilota. Lehen desberdina zen, pilota eta futbola bakarrik zeudelako jokatzeko, baina orain gazteak desberdin bizi dira». Dena den, herriarteko txapelketarako dagoen zaletasuna mantendu egin dela gaineratu du: «Azkoitian, garrantzia handia du txapelketa honek, eta gaur 300 bat lagun elkartzea espero dugu». Ohi bezala, sarrera bost eurotan jarriko dute. Horrez gain, Azkoitiko Gurea pilotalekuan Txikito de Azkoitia txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar, 10:30etik aurrera. Nesken eskuz binakako bi partida eta mutilen beste lau izango dira. Duela bi hilabete hasi zuten txapelketa, eta ordutik zazpi eta hamalau urte bitarteko 85 ume inguru lehiatu dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide