Hiru txanda ofizial izango ditu bihar jokatuko duten Aiako Auto Igoerak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 30a

Aiako Igoeraren aurkezpena (Eduardo Maturana) Bihar Aiako Andatza auzoa eta Aiako herrigunearen sarrera lotzen dituen errepidea lasterketetarako prestatutako autoz, pilotuz eta horiek ikustera joango diren zaletuz beteko da. Abiadura, motor hotsa eta ikuskizuna izango dira hitzorduko protagonistak. Zazpigarren urtez jokatuko dute Aiako Igoera bihar arratsaldean, eta Euskadiko eta Gipuzkoako mendi igoeren txapelketarako hirugarren proba puntuagarria izango da. Aurreko urteetan bezala, jendetza espero dute antolatzaileek. «Maila txukuna izango dugu igoeran, eta ikuskizun politaz gozatzeko aukera izango da», azaldu du Uhartemuño Elkarteko kide Arkaitz Iruretagoienak. Aurten, berrikuntza bezala, antolatzaileek lehiaketan txanda bat gehiago antolatu dute. Denera lau izango dira: entrenamenduko txanda bat eta lasterketaren barruan hiru txanda jokatuko dituzte. Automobilismoko Euskal Federazioko kide Eduardo Maturanak azaldu duenez, «Euskadiko Mendi Igoeretan gutxienez entrenamendu saio bat eta bi txanda ofizial egin behar izaten dira». Orain arte Aian ere horrela izan da, baina aurten hiru txanda antolatu dituzte. «3,7 kilometro inguruko ibilbidea izaten da, eta hainbat pilotuk komentatu izan digute motza egiten zitzaiela. Horregatik, pilotuen eta ikusleen gozamenerako txanda bat gehiago antolatzea erabaki dugu», zehaztu du Iruretagoienak. Egun osoko jaia Aurreko aldietan bezala, aurten ere abiaduraren festa goizean goiz hasiko da Aiako Andatza auzoko plazan. Pilotuak bertan izango dira 10:00ak ingururako, autoekin eta taldeekin. Goiz partean hasita, federazioko komisarioek eta Lagun Artea Eskuderiako teknikoek eguerdira arte egiaztatze teknikoak eta administratiboak egingo dizkiete igoeran parte hartuko duten autoei. Modu horretan, autoek araudia betetzen dutela, ez dutela tranparik, eta izan behar dituzten segurtasun neurriak badituztela egiaztatuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, lasterketaz gain  autozaleek atsegin dute ibilgailuak bertatik bertara ikustea ere, eta herritar ugari biltzen da goiz-eguerdi partean Andatzako plazan. 13:30ak aldean antolatzaileek eta parte-hartzaileek bilera bat egingo dute, eta gidariei kontuan hartzeko oharrak eta segurtasun arauen nondik norakoak azalduko dizkiete. Jarraian, 15:00ak aldera hasiko da entrenamendu txanda. Behin parte-hartzaile guztiek igoera banan-banan egin dutenean, benetako lasterketari emango diete hasiera. Hiru txanda puntuagarri izango dira, eta horietan denborarik onena egiten duenak lortuko du Aiako VII. Auto Igoerako txapela irabaztea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide