Madalenako Ospitalea gune turistiko bihurtzeko hitzarmena eskatu du EAJk

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 29a

Itziar Lasa eta Aitor Gorrotxategi EAJko zinegotziak (Olatz Prat/ Hitza) Azpeitiko EAJk Madalenako Ospitale eraberritua turismo gune bihurtzea bultzatu nahi du eta, horretarako, proposatu du hitzarmen bat egitea Azpeitiko Udalaren, Jesusen Lagundiaren eta Urolako Turismo Bulegoaren artean. «Eraikin hori berreskuratzeko egin den ahaleginaren ondoren, Azpeitiak ezin du utzi gaur ireki eta bihar eraikin hori itxita gelditzea», adierazi du Azpeitiko EAJko bozeramale Aitor Gorrotxategik. «Alkateak ezin du ezikusiarena egin—gaineratu du—, esanaz erakunde pribatu baten jabetzakoa dela, eta kito». Beste sektore batzuen gainbeheraren aurrean, «turismoaren sektoreari zukua atera beharra» nabarmendu du Gorrotxategik. Loiolako Santutegiak 2013an 85.000 bisitari izan dituela eta Trenaren Museoak 21.000 bisitari izan dituela adierazi du. Horren harira, zera esan du: «Loiolara edo Trenaren Museora datorren bisitariak gure herrian geldialdi bat egin dezan lortu behar dugu: gure kale-plazetan ibili, gure monumentuak ikusteko erakarpena seintitu eta, nola ez, gure herriko denda, taberna eta jatetxeetan kontsumitu dezatela». Horretarako, «San Inazioren historian erreferente den Madalenako Ospitale hau monumentuen ibilbidean sartu behar da», adierazi du. Bide batez, proposatu du Ospitaleak, Parrokiak eta Herriko Garbilekuak zabalik beharko luketela «bai bisitariek, bai herritarrek horiek ikusi ahal izateko». Udalak aurkeztu berri duen Sustapen Ekonomikorako Plana aipatuz, Gorrotxategik esan du Turismo batzordeari eskatuko diola «turismoko zereginetarako prestatuta dauden pertsonak kontrata ditzaten», aipatutako guneak zabalik egon daitezen. 2020rako «lanak eginda» Uztailera eta abuztura begira, «bidea egiten hasteko beharra» aldarrikatu du EAJk, «2020an bultzatu nahi den Ignazioren bidearen zain egon gabe. Ordurako etxeko lanak eginak izan behar ditugu, eta turismo proiektu kontsolidatu bat izan behar dugu», adierazi du. Zentzu berean, dei egin dio Azpeitiko Udalari azter dezan nola lagundu herriko merkatariek eta ostalariek sareetan modu erakargarrian beraien berri eman dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide