Literaturia antolatzeko Zarautzen lantalde bat osatu da, eta Ana Galarraga talde horretako partaide da. Literaturia Zarautzera ekartzea «opari» bat dela dio.
Literaturiako Zarauzko lantaldea sortu duzue. Non du oinarria?
Zarautzen hilero liburuen gainean hitz egiteko bi talde elkartzen dira. Batzuk Sanz Enea liburutegian biltzen dira, eta gu duela hiru urtetik biltzen gara Garoan, lehen Jon Benitorekin eta orain Alex Gurrutxagarekin. Euskarazko liburuez hitz egiteko elkartzen gara. Batzuetan idazlea bera ere etortzen da, eta zuzenean harekin jarduteko zortea ere edukitzen dugu.
Larrabetzutik Literaturiako lekukoa hartzeko proposamena etorri, eta nola antolatu zarete egitaraua prestatzeko?
Jon Benito zebilen gurekin Paperezko Lagunetan [irakurle taldea], eta haren bidez iritsi zitzaigun gonbita. Batzuk animatu egin ginen, eta gero dena erraztasunak izan dira, jo dugun denek baiezkoa eman digutelako. Antolatzen aritu garen gehienak batik bat Garoaren bueltan ibiltzen garenak gara, baina gero erabat hedatu da. Egitaraua lantzen, berriz, Aste Santuaren ondoren hasi ginen.
Egitaraua osatzeko orduan zer hartu duzue kontuan?
Batetik,
Harri eta herri-ri protagonismoa eman nahi geniola garbi genuen. Bestetik, berriz, herriko idazleei eta sortzaileei nolabaiteko aitortza egin nahi genien, eta oso aintzat hartu ditugu. Bestela, Larrabetzun izan duen espiritua ez dugu aldatu nahi izan. Mamiari heldu nahi genion, hau da, euskarazko liburuei. Euskarazko literatura beste kultur disziplina batzuekin uztartuz ahal den neurrian. Arima galtzerik ez genuen nahi, eta horregatik aurten argitaratutako euskarazko liburuak ere izango dira hitzaldietan eta aurkezpenetan. Liburu azoka ere egingo dugu, Larrabetzun egiten zen bezala. Alde horretatik, egitaraua ez dugu asko aldatu, espiritu bera dauka.
Sortaldean, Modelon, Garoan, Gaztetxean eta kalean izango dira ekitaldiak, baina baita tabernetan ere.
Literatura batzuentzat zerbait akademikoa izan daiteke, baina guretzako oso gure bizitzakoa da, eta aisialdiarekin erabat lotutakoa ere bai. Aisialdiko tokietako bat tabernak dira, eta Gaztetxea izan daiteke beste bat, edo Malekoia eta kalea bera. Ahal den neurrian, Literaturiako guztia geu egoten garen tokietan gertatuko da.