Gotzon Barandiaran: "Euskarazko literaturaren plazarako orube oso aproposa du Zarautzek"

Nerea Uranga 2014ko maiatzaren 28a

Gotzon Barandiaran Larrabetzuko (Bizkaia) Literaturiako lantaldeko kidea da. Bost urteren ondoren, Literaturiaren lekukoa Zarautzi pasatu diote. Nondik nora sortu zen Literaturia? Literaturia Literatura Eskolaren inguruan sortu zen. Euskal Literaturak ez zeukala plaza bat, bakarrik euskaraz eta bakarrik literaturaz aritzeko gogoeta egin genuen. Euskal Herri osoan hainbat azoka egiten da, eta batzuetan euskarazkoak badu lekua, baina ez da bakarra, espainolezko literatura egoten da sarri eta gehienetan euskarazkoa baino gehiago. Orduan, geuk egitea bururatu zitzaigun, batez ere irakurle edo literaturzaleon ikuspegitik antolatuz. Literatura bere adierazpide guztietan ulertuta antolatzea erabaki genuen, beste kultur adierazpide batzuekin harremanean. Eta, Larrabetzun egin duzue bost urtez. Guk hau militantziaz egiten dugu, literaturarekiko maitasunez. Beraz, astiro eta leku txiki batean egitea pentsatu genuen, horregatik egin dugu bost urtez Larrabetzun. Herritarrekin, elkarteekin eta kultur eragileekin eta ahalik eta jende gehienarekin konpartitu genuen gure gogoeta, eta haiek baietz esan zigutenean, martxan jarri ginen. Ordutik, Larrabetzuko herritar talde batek hartu zuen Literaturia antolatzeko ardura nagusia. Normalean asteburuan egin dugu, eta oso erantzun ona izan du. Bost urtetan finkatu egin da, eta uste dugu badela erreferentzia bat euskarazko literatura zaleontzat. Badaude oraindik hobetu beharrekoak, eta horregatik iruditu zitzaigun Larrabetzu baino plaza egokiago bat behar zuela Literaturiak. Berez, euskal literaturak baduelako kantitatea eta kalitatea plaza handiago bat betetzeko. Eta, orain lekukoa Zarautzek hartu du. Zergatik leku aldaketa hau? Larrabetzu dagoen lekuan dago, eta ez dago azpiegiturarik horrelako plaza bati erantzuteko, ez bada inbertsio bat egiten. Plaza handiago bat behar genuela uste genuen. Zarauzko literaturzale asko ia urtero etorri da Larrabetzura Literaturiara, eta Zarautzek ezaugarri asko ditu Literaturia bezalako plaza bat hartzeko:  tradizio literarioa, Lizardi da ezagunena; Itxaropena inprimategia eta argitaletxea, Arestiren Harri eta herri argitaratu zuena; hogeitik gora idazle zarauztar daude egun; Garoa liburu denda, erreferentea dena kultur bilgune bezala eta hor Paperezko Lagunak; Sanz Enea liburutegian irakurle talde bat; Gaztetxe bat; eta haur literaturaren sariketa bat ere badago. Zarautzek orube oso apropos bat dauka euskarazko literaturaren inguruko plaza bat antolatzeko. Azpiegitura aldetik ere hor ditu Modelo, Sortaldea, Gaztetxea eta beste areto txiki batzuk. Aparteko inbertsiorik egin gabe har dezake Literaturia bezalako egitasmo bat. Gainera, irisgarritasun aldetik lo egiteko eta jateko azpiegiturak ditu; Larrabetzuk ez zeuzkan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide