Aurrenekorako, gogoz beteta

Nerea Uranga 2014ko maiatzaren 29a

Bakarrik da literatura eta bakarrik da euskaraz, baina hain gutxi izanda ere, ematen du bost egunetako egitarau bat osatzeko adina. Bada zerbait», iritzi dio Literaturia egitasmoko Zarauzko lantaldeko Ana Galarragak. Larrabetzun bost urtez egin ondoren, aurten Literaturia Zarautzen egingo dute. Zarautzek literaturarekin eta euskal literaturarekin tradizioz lotura izan duela nabarmendu dute antolatzaile taldekoek, eta herriak euskarazko literaturaren plaza hartzeko baldintzak ere badituela nabarmendu dute. Besteak beste, Gabriel Aresti poetaren Harri eta herri obraz jardungo dute egun hauetan Literaturian. Orain dela 50 urte argitaratu zuen lana Zarauzko Itxaropena argitaletxeak. «Idazle zaharretara joz hor ditugu Mitxelena, Lizardi eta beste batzuk. Baina gaur egun ikusi besterik ez dago zarauzkoidazleak.org webgunean zer nolako emaria dagoen», adierazi du Gari Berasaluze Zarauzko Kultura eta Euskara zinegotziak. Horrez gain, hilero literatur solasaldietarako bi talde biltzen dira herrian, bata Sanz Enea liburutegian eta bestea Garoa liburu dendan. «Literatura bizi eta sentitzen duen jende asko dago Zarautzen», Berasaluzeren arabera. Zarautzentzako erakusleihoa Zarauzko Udaletik pozik hartu dute Literaturiako plaza izatearen lekukoa, eta horregatik eskerrak eman dizkie zinegotziak Larrabetzuko lantaldekoei. Zarautz zabaltzeko «erakusleiho ederra» da Literaturia. «Iaz jaso genuen proposamena, eta aurtengo udal aurrekontuetatik Literaturiarako 20.000 euro bideratu ditugu. Zarautzentzako inbertsio garrantzitsua dela iruditzen zaigulako, eta denon artean, udaren atarian,  erakusleiho aparta eskaini diezaiokegulako euskarazko literaturari». Zarauztarrak, taldeak eta elkarteak Literaturia proiektuan burubelarri murgildu direla azpimarratu du Berasaluzek: «Aurrenekoa izanda ere, herriak bere egin duen proiektu bat da». Horregatik, eskerrak eman ditu. Literaturiako plaza atzo zabaldu zuten, joan den asteburuko Zarauztik Mundura uztarri hartuta. Hala, atzo Herri 1, 11 irakurle eta literatura ekitaldia egin zuten Torre Luzean. Bertan, Zarautzen bizi diren hamabi herrialdetako zarauztarrek euren sorlekuko idazleen lan batzuk irakurri zituzten. Igandera arte Larrabetzun asteburu batean egiten zuten Literaturia, baina Zarautzen atzo hasi eta igandera bitartean izango dira ekitaldiak. «Egitaraua osatzeko garaian hainbeste gauza sartu nahi izan ditugunez, asteazkenetik hasi behar izan dugu Literaturia». Gaur, Harri eta herri liburuaren inguruko hitzaldia emango du Karmelo Landak, eta Saroi Jauregik aukeratutako poema batzuk errezitatuko ditu. San Pelaioko Yubio tabernan da saioa. «Giro goxoan hasiko gara, baina era berean indartsu», azaldu du Galarragak. Literaturiari irekiera ofiziala bihar arratsaldean emango diote Musika Plazan. Eta, hortik atzera, hamaika ekitaldi izango da herriko beste horrenbeste gunetan. Larunbatean, goizez eta arratsaldez liburu azoka bat egingo dute. Bertan hamabi argitaletxe inguruk hartuko dute parte. Gainera, asteburuan urtarriletik maiatzera euskaraz argitaratutako edo euskarara itzulitako hogei liburu inguru aurkeztuko dira kalean nahiz Garoa liburu dendan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide