IRITZIA: Bizitza onaren giltza

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 29a

IRITZIA. Bostekoa. Ainhoa Alberdi "Planeatzen dugun bizitzaz desegiteko desioa izan beharko genuke,gure zain dagoen bizitza hartzearen ordainetan"                                       (Joseph Campbell). Batzutan bizitzan lorpenak jasotzen ditugu, besteetan, galerak, mugak eta hauei aurre egiteko aukera. Denok gara alor batzuetan gaitasunak ditugun gizakiak, eta beste batzuetan ez-gaiak garenak. Batzuetan gure espazioa txikitu egiten da, eta beste batzuetan handitu, baina beti egun berri bat hasten da, egunero... Denok atsegin dugu irabazleak izatea eta arrakasta edukitzea. Baina bizitzako apustu oso arriskutsua da, gure ongizatea eta zoriontasuna gauzak guk nahi dugun bezala joateari deitzen badiogu, beti irabazle izateari, beti zabaltzeari, beti disdira eta arrakasta izateari. Gauza guztiak aldakorrak dira, ez iraunkorrak... Baita arrakasta eta irabaziak ere. Horregatik komeni da noizbehinka erori eta porrot egitea, frustrazioaren giharra lantzea, ezintasun eta umiltasunera duinki irrist egiten jakitea, eta mugak eta tristura sentitzea, gizatasunaren usain umela sumatzea... Bizitzak ematen digun guztia jasotzea garrantzitsua da, baina umiltasunez hartu behar dugu, jakinaren gainean egunen batean dena askatu beharko dugula. Erraza dirudi irabazteak, baina horrek badu arriskurik, ongi eramaten ez badugu, geure burua galdu dezakegu bidean. Badakigu galdurik ez gaudela, oraina bizitzen jarraitu dezakegun heinean; umil eta sinpletasunari loturik mantentzen garen heinean. Bada beste gauza garrantzitsu bat; galtzen ikastea geure burua irabaziz, edo geure burua galdu gabe, hau beste desafio bat da, gure errautsetatik askeago eta indartsuago birjaio gaitezen. Mugak eta zauriak onartzen laguntzen digu, zaila izan zenera errenditzen lagunduz. Gure giza baldintza hauskorra eta agerikoa onartzera garamatza, hein batean denok bihotz zaurituak garelako. Ziur gure zuhaitzaren hainbat adar inoiz hautsi egin zirela edo hautsiko direla, zuhaitzaren edertasuna bere inperfekzioan duintasunez erakutsiz. Nigandik eta bere harrotasunetik irteteko modu on bat, eskertzea da: bizitzak egunero dakarrena hartu eta horrekin poztea. Eskertzea, ongarri bat da eta eskailera bat, ongizatera eta bizitza erreal eta gozagarri batera gero eta gehiago hurbilduko gaituena. Eskertza honek konformatzearekin zerikusia du, ez etsipenarekin eta konformismoarekin, adostasun bat da, «den»-aren onarpen landua. Edo, izan denaren eta orain aldatzea ezinezkoa den horren onarpena.Horrela, pertsonarik zoriontsuenak gehien eskertzen dutenak dira, eta gehien eskertzen dutenak, bizitzak uneoro dakarren hori hartzeko eta eskertzeko gaitasuna dutenak dira. Eta eskertzen dutenean, hartzea handitu egiten da, eta hartzea handitzen denean, beraien eskertza handitzen da, horrela gozamenaren kiribil bat sortzen da, poz gehiago eta gehiago, eta gehiago. «Denak bizi daitezela eta denak hil daitezela. Kaixo, ene maitea. Eta, ene maitea, agur!» (Leonard Cohen)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide