Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Geoparkearen ondarea ezagutzera ematea da gaur hasi eta ekainaren 8ra arte iraungo duen Geoparkearen IV. Astearen helburua. Paleontologo ospetsu eta Dinopolis Fundazioko zuzendari Luis Alcalak emango dio hasiera egitarauari, gaur arratsaldean (19:15ean), Zumaiako Aita Mari aretoan. Duela milioika urte gure ingurutik gertu bizi ziren dinosauroak nolakoak ziren azalduko du.
Alcalaren hitzaldiaren aurretik, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte. Dinosauroak desagertu ziren eguna izan da lehiaketaren gaia, eta 400dik gora marrazki aurkeztu dira. Irabazleak lau lagunentzako Dinopolisera bidaia irabaziko du.
Gaur zortzi, Xabier Peñalverrek emango du hitzaldia, Ekaingo eta Praileaitzeko arbasoen bizimoduaren inguruan. Eta hitzaldiekin batera, doako bisita gidatuak ere antolatu dituzte. «Bereziki interesgarria da Mutrikuko Olatz auzoan egingo dena, barnealdeko paisaia karstikoa ezagutzeko aukera ematen duelako», nabarmendu du Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok.
Dagoeneko lau urte joan dira Geoparkeak nazioarteko sarean sartzeko baimena lortu zuenetik, eta aurten ikuskaritza gainditzea dagokio. «Lau urtetik behin gainditu beharreko azterketa da, proiektua etengabe garatzen ari dela ziurtatzeko», azaldu du Hilariok.
Geoparkearen IV. AsteaMaiatzak 29, osteguna
- Hitzaldia. Luis Alcala paleontologoa: Gure Parke Jurasiko partikularreko dinosauroak. 19:15ean, Aita Mari aretoan.
Maiatzak 31, larunbata
- Bisita gidatua. Flysch beltza: Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan, 16:00etan.
Ekainak 1, igandea
- Bisita gidatua. Artzain Txikiak: Lasturko plazan, 10:30ean.
Ekainak 3, asteartea
- Bisita gidatua. Mutrikuko olatuen energia aprobetxatzeko planta. Mutrikuko dike berrian, 19:00etan.
Ekainak 4, asteazkena
- Ikus-entzunezkoa eta bisita gidatua. Harria ikus-entzunezkoaren aurkezpena eta ibilaldi gidatua harrien erabilpenari buruz Hector Fano geologoarekin. Debako Ostolaza kultur elkartean izango da, 19:00etatik aurrera.
Ekainak 5, osteguna
- Hitzaldia. Xabier Peñalver arkeologoa: Geoparkeko arbaso zaharren argazkia. Debako Ostolaza kultur elkartean. 19:00.
Ekainak 7, larunbata
- Azoka. Geoazoka, Geoparkeko I. Nekazaritza Azoka. Debako Alamedan, 09:00- 14:00.
Ekainak 8, igandea
- Karsteko zaporeak: Olatzko ermitan (Mutriku), 10:00etan.