Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
«Dantzariak direla erakutsi dute behin eta berriz; hori ez dago frogatu beharrik», nabarmendu du Isabel Verdini zuzendariak. Duela 21 urte sortu zuen bere izena daraman konpainia, behar bereziak dituzten pertsonak dantza garaikidearen bidez fisikoki eta psikologikoki gara daitezen. 2000. urtean egin zuen lehen aldiz oholtza gainera salto, eta ordutik ez da geldirik egon konpainia; askotariko ikuskizunak eskaini dituzte Euskal Herrian zehar.
Dantzariek «kalitate artistiko nabarmena» dutela adierazi du, eta ikuskizunetan igarri dela hori. Horretarako «gogor» egin dute lan dantzariek. Aitor Manterola partaidea astean bitan joaten da entsegatzera, esaterako. Dantzariek Verdini metodoa-ren bidez euren eguneroko lana erakutsiko dute etzi Zarautzen: euren «irmotasuna», hobetzeko gaitasuna eta dantzariak izateagatik duten «ilusioa». Eta baita anbizioa ere. «Nire ametsa dantza irakasle izatea da», azaldu du Manterola dantzariak. Berak eta bere kide Olaia Goikoetxeak, Haizea Sendonek eta Nerea Astarbek «gogo handia» dute Verdini metodoa estreinatzeko, «baita txalo zaparrada jasotzeko ere».