Verdini dantza konpainia (Amaia Ventas/ Hitza)
Etzi barrua astintzen duen ikuskizun baten aurre estreinaldia egingo dute Zarautzen, Aritzbatalde pilotalekuan:
Verdini Metodoa. Verdini dantza taldeak ikuslea hunkiarazten du bere partaideen naturaltasunarekin eta sentsibilitate bereziarekin. Dantzariak berak ere hunkigarriak direlako, baita metodoaren funtsa ere. Ezgaitasunen bat duten hainbat gaztek eta beren begiraleek osatzen dute taldea, eta dantzaren bidez horiek integratzea da metodoaren helburua; «gizarte pluralagora heltzeko ondo garatutako integrazio lana beharrezkoa dela aldarrikatzea».
Etzi horren nondik norakoak kontatuko dituzte protagonistek 22:00etatik aurrera, beroketa ariketetatik hasi eta bukaerako emanaldi osora arte. Badut taldeko clown-ak ariko dira gidari moduan. «Umorea gehituko diote ikuskizunari», jakinarazi du Isabel Verdinik, dantza konpainiaren sortzaileak: «Izan ere, ezgaitasuna ez da zerbait tristea, kontrakoa baizik: gauza asko ematen dizkigu, alaitasuna eta poza, kasu».
«Ez dugu nahi jendea sentsazio tristearekin ateratzerik ikuskizunetik; horri buelta eman nahi diogu», nabarmendu du Anduriña Zurutuza Badut taldeko kideak: «Oso polita da, dantzariek egiten dutena bihotz-bihotzez egiten dute, naturaltasunez». Dantzariei ahotsa emango diete Zurutuzak eta haren lankide Txefo Rodrigezek ekitaldiaren amaieran, ikusleek haien bizipenak ere ezagutu ditzaten.
«Aberasgarria guztientzat»
Ez da lehenbiziko aldia Verdini konpainiak Zarautzen emanaldi bat eskaintzen duena. Arrazoi jakin batengatik erabaki du Zarautz Abesbatzak beste behin ere konpainia hori herrira gonbidatu eta ekitaldia antolatzea. «Bertan izan ginenok ez dugu ahaztu. Zarautz Abesbatzako kideontzat Verdini dantza talde bat baino askoz gehiago da», nabarmendu du Beatriz Eizmendik: «Dantzari hauek duten musikarekiko sentimendua eta erritmorako sena benetan nabarmena da. Ez gaude ohituta horrelako lanak ikustera, ezta dantzari horiek eragiten dutena sentitzera ere. Hunkigarria da, baina aldi berean, oso aberasgarria da guztiontzat». Turismo zinegotzi Karmele Alberdik «zirraraz eta emozioz» beteriko ikuskizunera gonbidatu ditu herritarrak: «Askotan ez gara konturatzen nolako luxuzko ikuskizunetara joateko aukera dugun geure herrian. Ekitaldi ahaztezin honetara gonbidatzen ditut herritarrak». Sarrerak salgai daude Zarauzko Turismo Bulegoan, 12 eurotan.