Aizarnako Pazko Jaietan jasotako dirua elkarte berrira bideratuko dute

Ane Olaizola 2014ko maiatzaren 29a

Iazko Pazko Jaia Aizarnan. Zestoako Aizarna auzoan Pazko Jaiak ospatuko dituzte beste urte batez larunbatean, eta Aizarna Herri Elkarteak prest du dagoeneko egitaraua. Aurten, gainera, bildutako dirua Aizarnan egiten ari diren elkarte berriko lanak egiteko erabiliko dute. Egitarauak izango da aldaketarik aurten; izan ere, lehenengo aldiz gauera arte luzatuko dute Pazko Jaia. Ezten taldearen erromeriarekin egingo dute hori. Horrez gain, herritarrek ekitaldiren bat prestatu ohi izan dute azken urteetan; beste beste, duela bi urte trontzalariekin ikuskizun bat antolatu zuten festa egunaren barruan, eta iaz beheko iturrian arropak garbitzen aritu ziren. Izan ere, antzezlan bat egin zuten garai batean betetzen zuen funtzioaren inguruan. «Aurten ez dugu asmatu herritarrek egin genezakeen gauza berririk», esan dute antolatzaileek. Beraz, zakurren heziketaren inguruko erakustaldi batekin beteko dute hutsune hori. Ohi bezala, antolatzaileek baserritarrez jaztera animatu dituzte herritarrak. Artisauen erakustazokarekin hasiko da festa larunbatean. 11:00etan, herriko eta inguruko dozena bat lagunek askotariko produktuak jarriko dituzte salgai edo ikusgai; besteak beste, elikagaiak, bitxiak, landutako egurra, ukenduak eta sendabelarrak, pastelak, apaingarriak eta jostailuak. Batzuk eginda eramango dituzte produktuak azokara, han saltzeko, eta beste batzuek jendaurrean egingo dute erakustaldia. Zakur heziketa arratsaldean Eguerdian herriko haurrek kalejira bat egingo dute trikitixarekin, eta taloa jateko aukera ere egongo da. 14:30ean, berriz, goizean zehar erretako txahala banatuko dute sagardoarekin. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, sei eurotan. Arratsaldean, berriz, zakurren erakustaldi bat egingo dute. Animalia horien abileziak eta funtzioak azaldu eta erakutsiko ditu Azpeitiko eta Zestoako talde batek. Pazko Jaiak garai batean ere ospatzen zituzten Aizarnan, baina galdu egin ziren. Duela hamabost urte beste saiakera bat egin ostean, duela bi urte berreskuratu zituzte festak. Antolatzaileen arabera, «bi urtetan erantzun oso ona izan dute jaiek, ingurutik jendea etortzen da». Aurten, gainera, pintxo eta taloekin bildutako dirua Aizarnan egiten ari diren elkartera bideratuko dute. Eskola zaharraren lekuan ari dira prestatzen, auzolanean. «Lanak martxa onean» doazela azaldu dute. AIZARNAKO PAZKO JAIETAKO EGITARAUA Maiatzak 31, larunbata - 11:00. Artisau erakustazoka. - Eguerdian. Herriko haurren kalejira trikitixarekin. - 14:30. Txahal errea. - Eguerdian zehar. Taloak. - 17:30. Txakurraren Heziketaren Erakustaldia. - Ondoren. Triki poteoa Ezten taldeko trikitilariek animatuta. - 22:30. Erromeria: Ezten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide