Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean jokatuko dute Zarautz Hiria Saria Txirrindularitza Egokituko Nazioarteko VII.Kriteriuma. Aldi berean, txirrindularitza egokituko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa izango da, errepidekoa. Aurreko egunean, larunbatean, Andoainen egingo dute Batzoki Saria erlojupeko Gipuzkoako eta Euskadiko lasterketa. Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak Txirrindularitza guztiontzat egitasmoaren barruan antolatu du igandeko txapelketa.
09:30ean abiatuko dira txirrindulariak Lege Zaharren Enparantzatik modu neutralizatuan, hau da, denak elkarrekin. Behin Nafarroa kalera sartzen direnean emango diote hasiera lehiari, Santa Maria Real parrokiatik gertuen dagoen geltokitik. Kostaldeko N-634 errepidean zehar egingo dute ibilbidea, Zarautz eta Getaria artean, hain zuzen. Hainbat mailatan lehiatu ahalko dute txirrindulariek: handbike-ean, trizikloan, tandemean eta bizikletan. Lehenbiziko kategorikoek 40 kilometro egin beharko dituzte, bigarrenekoek 20 kilometro, eta azken bi kategorietakoek 60 kilometro.
Interesa dutenek egunean bertan eman ahalko dute izena, lasterketa hasi baino ordubete lehenago, Lege Zaharren Enparantzan bertan.
«Luxuzko» partaideak
Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartetik jakinarazi dute aurten ere «luxuzko» partaidetza izango duela igandeko probak. Horien artean, Amador Granados aipatu dute. Abiadura olinpikoko nazioarteko txapelduna da lasartearra; Pistako Txirrindularitzako Munduko Txapelketa Paralinpikoan urrezko domina lortu du aurten bere bi taldekiderekin batera. Horrez gain, munduko errekorra ere hautsi du. «Urtero etorri izan da lehiaketa honetara», nabarmendu dute antolatzaileek.
Zarauztarren artean, berriz, ez dira faltako elkarteko kide Josu eta Jose Angel Arroitaonandia anaiak. Horiez gain, Espainiako hainbat herrietako txirrindulariak ere lehiatuko dira Zarautzen igandean. Proba jokatu ostean, 12:00etan egingo dute sari banaketa Munoa plazan. Aurten berrikuntza gisa kategoria bakoitzean lehenbiziko hiru postuetan sailkatutako txirrindulariei banatuko dizkiete sariak.
Jakinarazi dutenez, sari banaketaren ondoren, Egoki jatetxean bazkari bat egingo dute kirolariek, laguntzaileek eta Zarauztarra elkarteko batzordekideek, egunari «amaiera borobila» emate aldera.