Nazioartekotze proiektuak garatzeko hitzaldia da bihar Urola Kostako Udal Elkarteak antolatuta

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko maiatzaren 28a

Krisi garaian enpresek negozio eredu berriak lantzeko eta beren negozio eremua zabaltzeko beharra izaten dute. Ildo horretatik, Urola Kostako Udal Elkarteak nazioartekotze eta dibertsifikazio proiektuak lantzeko eta garatzeko zerbitzuak eta informzio jardunaldiak eskainiko ditu eskualdeko enpresentzat urte amaiera arte. Bihar 09:00etatik 11:00etara egingo dute lehen saioa Nire enpresa esportatzeko prest dago? izenburupean. Maite Navarrete goi mailako ingeniari eta enpresa aholkulariak emango du hitzaldia. Esportazio prozesu bati hasiera emateko kontuan hartu beharreko arlo garrantzitsuenak azalduko ditu. Izan ere, adituen iritziz «nazioartekotze prozesu batean prestakuntza txar edo ahul batek eragozpen ugari ekar diezazkieke esnpresa esportzaileei». Giltza, barne analisia Jardunaldiaren helburu nagusia da enpresetako arduradunek barne analisi bat egitea, nazioartekotze prozesu arrakastatsu bat izateko enpresan egin beharrekoaz. Horretarako kontuan hartu behar dira, besteak beste, balio proposamena, produktua eta zerbitzuak, diferentziazioa, bezero segmentuak, komunikazio kanalak eta banaketa. Hitzaldian izena eman nahi dutenek Urola Kostako Udal Elkarteko Prestakuntza eta Enplegu Sailarekin jarri behar dute harremanetan 943-890808 telefono zenbakira hots eginda edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide