Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gizartea aldatzen ari da, eta komunikabideek herritarren ohitura berrietara moldatu behar dute etorkizun oparoa izateko. Karkarako kazetari Olatz Artola (Tolosa, 1991) atzo abiatu zuten ibilbide berriaz aritu da.
Atzo Karkara-k aurrerapauso garrantzitsua eman zuen. Zein berrikuntza aurkeztu duzue?
Atzo jarri genuen martxan karkara.com webgune berria. Orain arte Karkarak paperezko aldizkariari eman izan dio garrantzia, eta aurrerantzean webgunea indartzea da helburua. Ez da bat-bateko aldaketa izan; Karkarako zuzendaritza aspaldi konturatu zen Internet pixkanaka herritar guztiengana iristen ari zela, eta jakin bazekiten bide hori jorratu beharra zegoela etorkizunean. Gaiaz asko hausnartu zuten, baina aldaketak egitea eta erabakiak hartzea ez da erraza izaten, eta Karkarako lantaldean gertatu den belaunaldi aldaketarekin batera iritsi da antolaketa berria. Urte hasieran eman genuen lehen aldaketa; aldizkaria hamabostekaria izatetik hilabetekaria izatera pasa zen, eta aurrerantzean webgune berri eta indartu bat izango du Karkarak.
Zertan saiatu zarete webgune berria sortzerakoan?Karkara.com-ek ahal den berrikuntza gehienak izatea nahi genuen. Gaur egun plataforma bat izatea ez da nahikoa, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun oriotarrekin eta aiarrekin elkarreragitea ahalbidetuko zuen tresna bat izatea, herritarrek sentitu dezaten beraiek osatzen dutela Karkara. Gure beharrak zein ziren aztertu ondoren, webgune berria Tokikom plataformaren barruan sortzea erabaki genuen, herri aldizkariok indarrak batuta guztien artean tresna berritzaile bat egitea ahalbidetzen baitzigun.
Webgune berriak zeri emango dio garrantzia?
Hasieratik argi genuen herritarrei hitza eman nahi geniela, horregatik komunitatea oso garrantzitsua izango da webgune berrian. Gainontzean, egungo atalez gain, mutimendia atala izango du, eta bertan ikus-entzunezkoak eta argazki galeriak bilduko ditugu. Horretaz gain, sare sozialak ere indartu nahi ditugu, eta egun eskaintzen ez diren gomendioak egingo ditugu bertan, albisteak eskaintzeaz gain.
Edonork parte hartu ahal dezake komunitatean?
Herritarrei hitza eman nahi diegu Komunitate atalean. Komunitateak bi erabiltzaile mota izango ditu; alde batetik, taldeak bilduko ditu, eta bestetik, sinadurak edo norbanakoak izango ditu. Edozein herritarrek edo eragilek parte hartu dezake komunitatean, eta bertan libreki nahi duenaz idazteko eta argazkiak eta ikus-entzunezkoak argitaratzeko aukera izango du. Bertan parte hartzeko ez dago kazetari batek edo iritzi emaile batek idatziko lukeen artikulu edo testua idatzi beharrik. Komunitatearen barruan egiten diren ekarpenak atal horretan bertan argitaratuko dira. Horrekin, herritarren ekarpenak eta kazetaritza artikuluak bereizi nahi ditugu, biei ala biei balioa emate aldera. Komunitatean parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz idaztea izango da.
Urte hasieratik saiatu zarete webgunea indartzen, ezta?
Talde berriak hasieratik argi izan genuen helburua webgunea indartzea zela. Horregatik, eguneroko albisteez gain, erreportajeak eta elkarrizketak egiten saiatu gara. Badakigu aldizkariak eta webguneak hartzaile edo erabiltzaile desberdinak dituela, eta gaiak ere horren arabera aukeratzen ditugu. Webgune berria abiatu baino lehen, urtea hastearekin batera jarri genuen martxan lan egiteko modu berria; edukiari dagokionez martxa hartuta gaude, orain esku artean dugun tresnaz baliatu eta herritarren parte-hartzea sustatzea da gure asmoa. Motor handia badugu, baina hori ibil dadin gasoilik botatzen ez badiogu, alferrik da. Karkara.com webgune berriaren gasoila herritarrak dira. Azken asteetan eragileekin, politikariekin eta herritarrekin bildu gara, tresna berria aurkeztu eta webgune berria martxan jartzerako eragileak komunitatean parte hartzera animatu zitezen.