Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekainaren 14an Tolosan Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko dute. Asmoa da udalerri euskaldunek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizeetara zabaltzea, herritarren sentsibilizazioan eragitea eta euskararen aldeko konpromisoak sustatzea. Aurten lehen aldiz urrats bat aurrera eman, eta udalerri euskaldun guztiek bertan parte hartzea nahi du Uemak. «Udalerri euskaldunek garrantzi handia dute euskararen normalizazio prozesuan, ezinbestekoa da gune batzuetan euskara osasuntsu mantentzea beste eremu erdaldunetan eragin dezaten», azaldu du Goizane Arana Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariak.
Uemak Euskaraz gara aldarriaren barruan bi ekimen antolatu ditu eskualdean. Zarautzen ikus-entzuneko bat filmatuko dute, eta Orion mosaiko erraldoia osatu eta argazki jendetsua atera.
Bideoa eta argazki jendetsua
Zarauzko euskalgintza eta Uema elkarlanean ikus-entzuneko bat osatzen ari dira herritarrak euskararen garrantziaz kontzientziatzeko eta zarauztarrak ekainaren 14an Tolosan egingo den festan parte hartzera gonbidatzeko. «Ikus-entzunezkoan hainbat arlo jorratzen dituzten Zarauzko eragilek, taldek eta langilek parte hartuko dute, harrotasunez irudikatzeko Zarautz euskaraz bizi den herri bat dela», adierazi dute. Ostiralean 18:00etan egingo dute Euskaraz gara ikus-entzunezkoaren grabaketaren azken saioa udaletxeko plazan, eta zarauztarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte.
Uemako kideen esanetan, Zarautz euskararen arnasgunea da: «Zarautzen naturala da euskaraz aritzea, euskaraz bizi dira zarauztarrak nahiz eta horretarako oztopoak izan. Herri euskalduna izaten jarraitzea nahi dugu, eta horretarako konpromisoak hartzeko lanean jarraituko dugu eragileok», azaldu dute.
Orion, bestalde, udalak Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko egitasmoa abiatu du gurasoen hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabildera sustatzeko asmoz. Ekimenaren barruan gaur 17:00etan argazki jendetsua atera nahi dute arranpla ondoko plazan Euskaraz gara leloa mosaiko jendetsua osatuz. Udalak, Zaragueta Herri Eskolak eta Orioko Herri Ikastolak antolatu dute egitasmoa, eta 133 lagun bildu nahi dituzte hitzorduan. Haur, guraso eta oriotar oro animatu nahi dituzte argazki jendetsura. Parte-hartzaile bakoitzak kartulina bati eutsiko dio, eta denen artean Euskaraz gara leloa osatuko dute.