Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Ikaskirol taldeak antolatuta, Ikaskirol Krosa jokatuko dute igandean hogeita hamabigarren urtez, eta beste behin Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetako umeek hartuko dituzte Azkoitiko kaleak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten 800 ume inguruk parte hartzea espero dute.
2000. eta 2009. urteen artean jaiotako umeak izango dira Azkoitiko krosean; adinka banatuta, lehenengo lasterketa 10:30ean izango da, eta guztira bederatzi saio egingo dituzte. Neskek eta mutilek banatuta irten ohi dute krosean, baina aurten izango da berrikuntzarik; izan ere, Haur Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailetako neska-mutilak batera irtengo dira. Era berean, adinka banatuko badute ere, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako neskek eta mutilek distantzia bera izango dute korrika egiteko.
Dominak guztientzat
Eskolaurreko umeek Beti Poz elkarte aurrean izango dute irteera, eta gainontzeko guztiak Plaza Berritik aterako dira. 2009 eta 2008 urteetan jaiotakoek 400 metro egingo dituzte, eta 2007 eta 2006koek 550 metrotako bira txiki bat egingo dute, 10:50ean neskek eta 11:00etan mutilek. 2005 eta 2004 urtetakoen nesken proba 10:10ean hasiko da, eta mutilena hamar minutu geroago; 1.100 metro egingo dituzte horiek. 11:30ean, 2003an eta 2002an jaiotakoen txanda izango da; aurrena neskena, eta gero mutilena. Azkenik, 2001 eta 2000 urteetan jaotako guztiek batera egingo dute korrika, 11:50ean.
Lasterketak amaitzean, urtero bezala, sari banaketa egingo dute Plaza Berrin, 12:30ean inguruan. Kopak banatzeaz gain, opariak zozkatuko dituzte lasterkari guztien artean, eta parte-hartzaile denek domina bana jasoko dute.