Zestoako Gure Esku Dago eguna
Hamaika egun besterik ez dira falta Durango eta Iruñea eskuz esku elkartzeko, autodeterminazio eskubidearen alde 50.000 lagunek osatutako giza katean. Ekainaren 8an, 12:00etatik 12:30era egingo dute giza katea, eta eskualdeko herrietako taldeak buru-belarri lanean ari dira ekitaldia bultzatzen eta herritarren parte-hartzea sustatzen. Eskualdetik ezarritako kilometroetara joateko autobusak antolatzen ari dira egunotan herri bakoitzeko taldeak. Antolaketa egoki baterako, 10:00etarako bakoitzari dagokion kilometroan egotea gomendatu dute, baita autobusetan joango ez direnei ere.
Autobuserako izena eman ez dutenek lehenbailehen egin dezaten eskatu dute taldeek, azken ordura arte zain egon gabe. Izena hainbat tokitan eman daiteke: Azpeitian taldearen lokalean; Getarian Herritarten eta asteburu eguerditan jartzen duten mahaian; Zarautzen Eguzki eta Txiki Polit tabernetan; eta Zumaian Turismo Bulegoan, besteak beste.
Gainontzeko herrietan metroa erosi ahala ari dira autobusetarako izenak hartzen edo metroa erosia dutenekin harremanetan jartzen. Aiarrek Zarautzen eros dezakete beren metroa nahiz auto-
buserako txartela; eta Errezil eta Beizamako herritarrek, berriz, Azpeitian.
Ekainaren 8rako deiak
Bestetik, Aizarnazabalen eta Zestoan Gure Esku Dago egunak ospatu dituzte asteburuan. Jai-giroan igaro zen eguna Aizarnazabalen, haurren jolasek eman zioten hasiera egunari eta ondoren triki-poteoa egin zuten herritarrek. Zestoan ere larunbatean izan zen Gure Esku Dago Eguna. Antolatzaileak oso pozik agertu dira emaitzarekin, jende askok hartu baitzuen parte giza katean nahiz mosaiko erraldoian. Gainera, hainbat herritarrek herriko txokoetan barrena grabatutako Gure Esku Dago abestiaren bideoklipa ere aurkeztu zuten.
Aizarnazabal, Gure Esku Dago eguna
Orion, berriz, ostiral honetan aurkeztuko dute Orioko Gure Esku Dago taldea. 19:00etan Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute Kultur Etxean, eta ondoren dokumentalari eta mugimenduari buruzko solasaldia izango da, mokadutxo bat hartu bitartean. Ondoren, Amaren Alabak taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute oriotarrek.