Pedro Etxabe: «Ahaztu bazaigu ere, industriatik bizi izan da Zumaiako herria»

Baleike 2014ko maiatzaren 28a

Alemaniara egindako bidaia batean piztu zitzaion Pedro Etxabe zumaiarrari industria ondareari buruzko kezka. Rafael del Pilar, Xabier Alvarez Yeregi, Javier Carballo, Ismael Manterola eta Oihana Artetxe konbentzitu zituen ZIIZ taldea sortu eta gaia ikertzen hasteko. Zerk bultzatuta sortu zenuten industria ondarea ikertzeko taldea? Aitortu beharra daukat nik lehen ez nuela gai hauekiko sentsibilitate berezirik. Alemaniara alabarengana joan ginen batean, industria museo bat bisitatu genuen, egunpasa batean. Ruhr eskualdean industria museo asko daude. Guk ikusi genuen hura itsasontzientzako kanal bateko konporta zahar bat zen. Itxita zeramatzan 30 urte, itsasontziak handiegiak zirelako eta ez zirelako sartzen. Baina, abandonatu beharrean, museo bihurtu eta mantendu egin zuten, garabiaren aparatu mekaniko guztiekin, dena garbi-garbi... Horrek begiak ireki zizkidan. Konturatu nintzen Zumaian geneukan industria ondare guztia txikitu egin genuela. Eta Zumaia, ahaztu bazaigu ere, industriatik bizi izan den herri bat izan da. Jabetu nintzen garai bateko enpresa asko desagertu zirela eta ez zegoela ezer jasota. Alemaniako museo haiek ikusita, konturatu nintzen Zumaian zerbait egin beharra zegoela. Erretiroa hartu nuenean, taldea sortzea proposatu nien historiarekiko beti kezka berezia agertu duten zenbait laguni, eta halaxe hasi ginen. Bildutako informazio guztia espazio fisiko batean erakusteko asmoa agertu izan duzue. Nola dago gaia? Ikusi genuen informazio asko zegoela, dokumentu interesgarriak, argazkiak, objektuak… Zergatik ez hori guztia espazio fisiko batean antolatu eta erakutsi? Horrela sortu zen zentroaren ideia [taldearen izenean bertan dago jasota]. Gaia proposatu genion udalari, eta eraikin egokitzat jo genuen Beheko Estazioa, Moilaberrian. Eusko Jaurlaritzarekin egin dira hura erabili ahal izateko saio batzuk [eraikina Jaurlaritzarena da], baina gaiak oraingoz ez du aurrera egin. Eta hori gauzatzen den bitartean, webgunearen aldeko hautua egin duzue. Liburu bat egitea ere proposatu zuen norbaitek, baina ez genuen garbi ikusten. Azkenean, garai hartan Aldundian ondare zuzendari zen Pilar Azurmendik proposatu zigun webgune bat egitea. Eredu bat erakutsi zigun, eta asko gustatu zitzaigun. Uste dugu webgunea oso tresna egokia dela gazteengana iristeko, ikastetxeetan erabiltzeko. Desagertutako enpresak ikertu dituzue. Gordetzea eta zaharberritzea merezi duen aztarnarik gelditzen al da herrian? Bitxia bada ere, industria zaharreneko aztarnak dira ugarienak, zementu fabrikenak. Horiekin zerbait egin beharko litzateke. Gero, Urolaren Beheko Estazioa dago. Kokaguneagatik eta bete zuen funtzioagatik, ahalegina egin beharko litzateke mantentzeko eta erabileraren bat emateko. Hortik aparte, ez dago askoz gehiago. Etxezarretan zeuden enpresa guztiak desagertu egin dira, erabat. Ez da ezer gorde. Ardantzabide ingurutik ez da ezer gelditzen. Arbustaingo garabia ere erortzen utzi zen, eta zatiak sasi artera bota. Yuteratik ere ez da ezer mantendu… Beduan, zementu fabrika erortzen ari da; ontziola desagertu egin zen… Uste dugu dagoen apurra mantentzea merezi duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide