Sarean argitaratu dute Zumaiako industrializazioaren historia

Baleike 2014ko maiatzaren 28a

Ezkerretik hasita Xabier Alvarez Yeregi, Pedro Etxabe, Rafael del Pilar eta Javier Carballo.
Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa. ZIIZ. Jose Ignacio Gurrutxaga txokolategilea zen ogibidez. Donostian zituen negozioa eta etxebizitza, 1813ko abuztuaren 31ko sutean dena galdu zuen arte. Familia hartu eta Zumaiara etortzea erabaki zuen, bizimodu berri baten bila. Txokolategintzan jarraitu zuen Gurrutxagak, eta hala lortu zuen familia aurrera ateratzea. Nicolas semeak erremateen negozioan egin zuen dirua, eta 1849an Lino Uriarteri kareharrizko harrobia alokatu zion Ibañarrietan. Ordurako, 1846an, Zestoako Jose Leonardo Kortak, Debako Manuel Linazasorok eta Jose Maria Zubimendik kare hidraulikoa egiteko fabrika bat sortua zuten Agoten. 1856an, Nicolas Gurrutxagak Lino Uriarteri Guardia zaharra eta Guardia berria baserrien artean zeuden lur-sailak (Arroa Behean) eskatu zizkion zementu edo kare hidrauliko fabrika eraikitzeko. Halako bihurrikeriak ditu historiak: Donostiako suteak bultzatu zituen gurrutxagatarrak zementugintzara; hura izan zen Zumaian industrializazioa piztu zuen txinpartetako bat. ZIIZeko kide Ismael Manterolak kontatu zuen Donostiako txokolategilearen historia, Zumaiako industrializazioaren berri jasotzen duen www.ziiz.org webgunearen aurkezpenean. ZIIZ Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroko kideek bost urte egin dituzte galdutako fabriken inguruko informazio biltzen, eta lan horren lehen emaitza da webgunea. «Hasierako asmoa zen industriarekin zerikusia zuen guztia jasotzea», azaldu du Pedro Etxabek. «Hasi ginen artxiboetan bilatzen eta bildutakoarekin datu base bat sortzen. Baina ohartu ginen eremu zabalegia zela, zerrenda amaigabea zela, eta ikerketa mugatu beharra zegoela». Orduan erabaki zuten sektore garrantzitsuenak aukeratzea. «Lau zehaztu genituen: zementugintza, ontzigintza, motorgintza eta makina-erreminta». Eta denboran ere mugak jarri zituzten: «Industrializazioa Euskal Herrian XIX. mendearen erdialdean hasi zen, eta Zumaian garai hartakoak dira lehen zementu fabrikak. Hortik abiatu ginen. Gero, XIX. mendearen amaieran, ontzigintza piztu zen; haren ondotik, industria mekanikoa sortu eta motorgintzak indar handia hartu zuen; eta laugarrena, Gerra Zibilaren aurretik, makina-erreminta». Eta azkenik, erabaki zuten desagertuta dauden enpresak aztertzea. «Bizirik daudenek jarrai dezatela beren bidea». Webgunearen ardatza enpresak dira. «Informazio guztia horrela jaso eta antolatu dugu. Enpresa bakoitza nola jaio zen, nork sortu zuen, zer bazkide zituen, zer aldaketa izan zituen, zer produktu ekoizten zituen, non saltzen zuen, non zuen lantegia, noiz arte iraun zuen… Hori da lanaren mamia». Enpresak sektoreka antolatu dituzte, eta sektore bakoitzerako sarrera moduko bat ere landu dute. Eta, testuekin batera, argazkiak, marrazkiak, zigiluen irudiak eta bestelako elementu grafikoak ere jaso dituzte. Lau sektore nagusiez gain, Lanbide Eskolari ere atal berezia eskaini diote. Rafael del Pilarrek azpimarratu duenez, «eskola hari esker Zumaiako gazte askok industria mekanikoan lan egiteko ezagutzak jaso zituzten, lanerako prestatuta ateratzen ziren eskola hartatik». Eskola sortu arte, lanbidea ikasteko modu bakarra lanean hastea zen 13 urterekin, ofizial baten ondoan. «Baina kezka eragin zuen gaiak, eta 1952-1953 urteetan sortu zen eskola, zumaiarren ekimenez. Luistarrek, San Pedro Kooperatibak eta udalak sortu zuten, eta segituan inplikatu ziren zenbait enpresa. Arrangoletan hasi ziren eta gero Alondegian», azaldu dute. Datorren urtean erakusketa Informazioa biltzearekin batera, hura herritarrei ezagutzera ematea da ZIIZen helburua. «Zumaiako ekonomia industrian oinarritu da, baina hori gaur egungo gazteek ez dakite», dio Del Pilarrek. «Guk, zorionez edo zoritxarrez, urte asko dauzkagu eta Zumaia industriaz josita zegoen garaiak bizi izan ditugu. Baina gaur hori desagertu egin da, eta gazteek ez dute horren berri. Zumaia nolakoa den ulertzeko ezinbestekoa da iragan hori ezagutzea». Duela pare bat urte hitzaldi ziklo bat antolatu zuten, orain webgunea aurkeztu berri dute, eta datorren urterako erakusketa bat antolatzea dute helburu. «Oxford aretoan erakusketa bat jarriko dugu, panelekin, argazki zaharrekin, baina baita objektu fisikoekin ere: motorrak, maketak…». Espazio iraunkor baten aukera gauzatu bitartean, dibulgazio lanari eutsiko diote. Eta baita ikerketari ere. «Webgunearen abantailetako bat da irekia dela, etengabe osatzen joan zaitezkeela. Gure asmoa da sakontzen jarraitzea, agian beste sektore batzuk ere aztertzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide