Udal gobernuko kideak, gaur, agerraldian.
(Ane Olaizola)
Hondakinak biltzeko sistemaren inguruan Azkoitian sortu den giroa dela eta, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak, Esther Lizarralde alkateordeak eta Inaxio Gorosabel zinegotziak agerraldia egin dute gaur. Joan zen ostiralean atez atekoaren aurkako taldearen bileran jaso zuten erantzunaren inguruan «triste» azaldu da alkatea eta udal gobernua bera, eta pertsona bati «hitza ukatzea» ez dela «gizalegezkoa» salatu du Alberdik. «Bileran hitz egiteko aukera ukatu zitzaigun, eta plataformari dei egin nahi diogu arduraz jokatzera eta modu eraikitzailean parte hartzera hondakinen kudeaketa hobetzeko prozesuan». Udala ostegunean 19:00etan da sistema mistoa onartzekoa plenoan, eta bilketa eredu berriaren bezperetan «animoak» eman dizkie herritarrei. «Hondakinen arazoa larria da, eta mundu mailan bezala, Azkoitian ere lan bat egin behar da, ingurumenaren mesederako».
Orain arteko prozesua gogorarazteaz gain, atez atekoaren aurkako taldeak emandako hainbat datu gezurtatu ditu udalak. Besteak beste, sistema berriak sortuko dituen datu ekonomikoak plazaratu dituzte. Serbitzu enpresak aurrekontua egin du, eta Urola Erdiko Mankomunitateak eta udaleko teknikariek kontrastatu dituzte; kalkuluak eginda, eta txosten ekonomikoa eskuartean, hondakinen kostua egungo 861.100 eurotik 712.689 eurora jaitsiko dela ebatzi dute. Sistema berriarekin %70eko birziklapen tasa iristeko asmoa dute, eta kalkuluak tasa horiek ardatz izanda egin dituzte. «Datuek erakusten dute, gauzak ondo eginez gero, merkeago ateratzen dela balantzea». Izan ere, bilketa gastuak igoko badira ere, tratamendu gastuak jaitsi eta sarrerak igotzean, balantzea «positiboa» izango dela jakinarazi du. Hau da, bilketa kostua 559.363,65 eurotik 617.039 eurora igoko da. %70a birziklatuz gero, ordea, tratamendu gastuak 425.440 eurotik 259.000 eurora jaitxiko direla ebatzi dute. «Gero eta gehiago birziklatzen badugu, tratamendu gastuak are txikiagoak izango dira». Horrez gain, sarrerak 123.703 eurotik 201.617 eurora igoko dira. Sei hezitzaile ere egongo dira sistema mistoa jartzean, eta horiek 47.362 euroko gastua eragingo dute. Udalak azpimarratu du datu horiek guztiak eskuragarri daudela herritarrentzako.
Abiatuko duten sistema atez atekoa ez dela ere azpimarratu dute; «atez atekoan frakzio guztiak biltzen dira modu horretan». Sistema mistoarekin, soilik errefusa jasoko dute hala, eta gainontzekoa gaikako edukiontzien bidez bilduko da. Beraz, sistema «zikina eta usaintsua» izango dela eta arratoiak areagotuko dituenaren ideia gezurtatu dute, errefusak ez duelako «usainik», eta ez duelako «inongo eragozpenik sortzen». «Astean behin, ordutegi zehatz aterako da etxe atarira, eta goizerako jasota egongo da. Aste osoan hutsik egongo dira zintzilikarioak, astean behin iluntze-gau partean izan ezik».
Legazpiko eredu berdina izango da Azkoitian martxan jarriko dutena, eta udalak gogoratu du EAJ izan zela eredu hori proposatu zuena hondakinen lan taldean. Ormaiztegiko kasua ere izan dute hizpide, sistema mistoa dutelako han ere; «alderdi guztien adostasunarekin jarri dute martxan; %83ko birziklatze tasetara iritsi dira, eta gustura daudela adierazi dute».
Sistema berriaren inguruko «gezurrekin kezkatuta» dago udala, eta «informazio eta erraztasun guztiak» herritarren esku jarriko dituztela gogoratu dute. «Zentzun, gizalegez, arduraz eta errespetuz» joka dezatela eskatu die herritarrei; «gezurrak eta giroa gaiztotzeak ez du ezertarako balio, eta norbere buruari galdetu beharko genioke zeini egiten dion mesede. Azkoitiari, azkoitiarrei eta ingurumenari ez behintzat».
Sistema mistoa babesteko agerraldia deitu dute biharko herritar batzuk, 19:00etan, Elkargune ondoko pazan.