Ivan Perez Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakaria (ezkerrean) eta Zarauzko Kirol zinegotzi Aser Lertxundi, hitzarmena sinatzen. Amaia Ventas
Herriko eskari bati erantzun diote akordio horrekin. "Badira eskualdean 40 bat haur behar bereziak dituztenak, eta horiek kirol praktika normalizatu bat egin ahal izateko ezinbestekoa da baliabide gehiago jartzea", nabarmendu du Aser Lertxundi Kirol zinegotziak. Otsailetik dihardu lanean Gipuzkoakok Kirol Egokituen Federazioak Zarautzen eta emaitza "oso onak" ematen ari dela ohartarazi du. Elkarlan hori egonkortze aldera sinatu dute gaur hitzarmena Zarauzko Udalak eta federazio horrek. 15.000 euroko laguntza emango dio udalak, azpiegiturak erabiltzeko aukeraz gain, besteak beste. "Kirola benetan unibertsala izan dadin eta guztiok kirol praktika osasuntsua egitekoa aukera izan dezaten", urtero-urtero diru partida hori mantentzen saiatuko direla aurreratu du Lertxundik.
Halako hitzarmenak sinatzea federazioa Gipuzkoa osora zabaltzeko "bidea" dela nabarmendu du Ivan Perezek, federazioko lehendakariak. "Ikastetxe askotan behar bereziak dituzten haurrek ezin izaten dute beste haurrekin jokatu. Horregatik gure lana garrantzitsua dela pentsatzen dugu". Ildo horretatik, gaur sinatutako akordioarekin Eskola Kirolean "pausu bat harago" eman dutela esan du Amaia Elizondok, federazioko langileak: "Eskola Kirolak garrantzia handia du haur hauengan, beren garapen fisikoan eta psikomotrizitatean, baina batez ere, beste haurrekin harremantzeari dagokionez". Zarautzen izandako esperientzia "izugarria" izan da Elizondoren arabera: "Otsailean hasi ginen Zarautz Egokituz guraso taldearekin elkarlanean. Garbi ikusten genuen beharra zegoela haur horiekin lan egiteko. Udalak ere segituan ireki zizkigun ateak eta elkarlan horri esker sinatu dugu gaur hitzarmena". Horrek ondorio "garbiak" ekarri ditu: haurrek denbora laburrean izan duten garapena. "Hau hasiera bat besterik ez da, espero dugu elkarlan honek ibilbide luze eta sendoa izatea", adierazi du Elizondok.