"Amenabarreko taldekideok zapore onarekin bukatu dugu denboraldia"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko maiatzaren 27a

«Oso gustura» dago Aitor Urbitarte Txangurro Amenabar Zarautz eskubaloi taldeko entrenatzailea, «taldeak eman duenarekin eta jarraitzaileek eskainitako babesagatik». Zarauztarrek ez dute lortu Asobal ligara igotzea, baina sentsazio «positiboarekin» itzuli dira Alcobendastik (Madril, Espainia). Larunbatean ezin izan zuten Benidorm mendean hartu, igoera fasearen finalerdiko partidan. 26-22ko emaitzarekin galdu zuen Amenabar Zarautzek. Partida ia guztian atzetik joan zen, bigarren zatiaren hasieran salbu: 15era berdinduta jarri ziren. Ondorioz, igoera lortzeko ametsa bertan behera geratu zitzaien. Igandeko finalean Benidorm eta Alcobendas aritu ziren aurrez aurre, eta azkenean Benidormek lortu du txartela; Zarautz hirugarrena izan da, Barakaldori 31-22ko emaitzarekin irabazita. Zentzu horretan, «arantza» kendu dutela dio Txangurrok: «Euskal Kopako finalerdia irabazi zigun talde horrek Zarautzen, eta liga bukatu baino bi hilabete lehenago ere erraz irabazi zigun. Horregatik, arantza hori atera nahi genuen. Ezin genuen urtea bi partida galduta bukatu». Entrenatzailearen hitzetan, Amenabar Zarauzko mutilek «segituan» eman zioten buelta larunbat arratsaldeko porrotari, eta ondorioz «zapore onarekin» amaitu dute urtea Barakaldo garaituta. «Dena eman dugu», adierazi du: «Hortxe izan dugu igotzeko aukera, baina ez dugu lortu. Benidormek irabazi digu, eta, azkenean bera izan da lehen mailara igo dena. Bagenekien oso zaila izango zena, lau taldetatik bakarrak lortuko zuela Asobal Ligara igotzea», gogoratu du. Hala ere, «harro» dago egindako lanagatik. «Indartuta» Herenegun gauean, herrira itzuli zirenean harrera egin zioten jokalariei Musika Plazan. Jokalariak Zarautz Kirol Elkartearen egoitzako balkoira agertu ziren, eta herritarrek txalo artean hartu zituzten. «Uneko euforia» aprobetxatuz, Txangurrok urteko balantzea egiteko eskatu zien eskubaloi jokalariei. «Balorazio guztiak onak izan dira», jakinarazi du. Iruñako Anaitasuna taldeko bi jokalariek «oso-oso gustura» bukatu dute denboraldia haren arabera, eta «seguruenik» Zarautzen geratuko direla nabarmendu du. «Gorka Berridi salbu, denak jarraitzekotan geratu dira. Hori da seinale onena». Orain atseden hartu eta «oxigenatzeko» garaia dela aditzera eman du entrenatzaileak, hurrengo denboraldira begira «indartuta» hasteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide