Urola Kostan boto gehien EH Bilduk lortu du, baina EAJ gertu gelditu da

Urola Kostako Hitza 2014ko maiatzaren 27a

Europako Parlamenturako hauteskundeetan Urola Kosta eskualdean boto abertzalea izan da nagusi. Boto gehien EH Bilduk eskuratu ditu, baina EAJ gertu gelditu da, boto gutxira: 9.760 boto lortu ditu EH Bilduk, eta 9.292 boto EAJk. Herrika, Azpeitian, Errezilen, Beizaman, Zestoan, Zumaian, Aizarnazabalen eta Getarian EH Bildu izan da boto gehien jaso duena. Aldiz, Zarautzen, Azkoitian, Orion eta Aian EAJ izan da bozkatuena. Herenegun, hauteskunde eguna lasai joan zen eskualdean. Abstentzio handia aurreikusten zen, baina eskualdean 2009. urtekoarekin alderatuta parte hartzea bost puntutan igo da: oraingoan %54,65eko abstentzioa izan da, eta 2009an %59,20koa izan zen. Herrika, 2009koarekin alderatuta parte hartzea igo egin da Orio ez beste herri guztietan. Aldiz, abstentzio handiena Aizarnazabalen izan da, %62,59koa; aurrekoetan ere %68,88ko abstentzioa izan zuten. Hala ere, ordukoan eskualdean abstentzio handiena Aian izan zen, %69,33koa; oraingoan %60,1ekoa izan dute. Aldiz, parte hartze handiena izan duen herria Getaria da: %42,50eko abstentzioa izan du. 2009an ere parte hartze handiena hantxe izan zen. PSE-EEk jaitsiera handiena Alderdien artean lortutako boto kopuruan jaitsiera nabarmena PSE-EEk izan du: Urola Kostan 1.722 boto eskuratu ditu orain, 2009koarekin alderatuta 1.624 boto gutxiago. Esaterako, Zarautzen, boto kopuru erdia lortu du PSE-EEk: 2009an 1.426 lortu zituen, eta herenegun 715. Zarautzen bertan, EAJk lortu du boto gehien. 2009an baino 546 boto gehiagorekin, herrian alderdi bozkatuena izan da. Horregatik, gustura azaldu dira Zarauzko Uri Buru Batzarrekoak hauteskundeen emaitzei buruz kaleratutako oharrean. «Boto gehien jaso dituen aukera izan da EAJ Zarautzen, eta EH Bilduri 245 botoko abantaila atera dio. EAJk nabarmen hobetu ditu orain bost urteko Europako Parlamenturako hauteskundeetan lortutako emaitzak», adierazi du Xabier Txurruka Zarauzko jeltzaleen buruak. Eurei botoa eman dien zarauztarrei eskerrak eman dizkie. Txurrukak adierazi duenez, Zarauzko emaitzak kontuan hartuta, «beste behin, Zarautz nagusiki herri abertzalea dela ikusi da. Hauteslegoak erabakitze eskubidearen aldeko indar politikoen alde egin du». Zarautzen EAJren garaipena, «Zarautz hobe baten alde» lanean jarraitzeko «akuilu polita» dela adierazi du. Urola Kostan bezalaxe, Gipuzkoan ere alderdi bozkatuena EH Bildu izan da 73.765 boto eskuratuta. Bigarren indarra, berriz, EAJ da 58.001 boto lortuta. Euskal Herri mailan EAJk lortu du boto gehien. Zazpi herrialdeetan  EAJk 220.696 boto batu ditu, baina EH Bilduk gertutik jarraitu dio, 220.083 botorekin. Azken hau izan da bozkatuena Hego Euskal Herrian. Izaskun Bilbao EAJko hautagaiak datorren agintaldian Europako Parlamentuan jardungo du lanean, baita Josu Juaristi azkoitiarrak ere: EH Bildukoa eta Herriek Erabaki koalizioko hautagaia da, eta 322.000 boto baino gehiago eskuratu ditu guztira bere hautagaitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide