Gaztetxoak bertsolari

Ane Olaizola 2014ko mai. 27a, 05:57

Bertsoa sasoi onean dagoela ezin uka, ez behintzat gazteen artean, eta horren erakusgarri dira azken egunetan han-hemenka izan diren gazteen bertso saio eta txapelketak. Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako Indarlan eta Udaberri guraso elkarteek udalaren babesarekin antolatuta, XXIII. Bertso Paper lehiaketaren sari banaketa eta Bertso Eskolaren 27. urteurrenaren jaialdia egin zuten atzo eguerdian. Aurtengo txapelketa irabazi duten gaztetxoek sariak jaso zituzten Baztartxo antzokian, eta bertaratu zirenek bertsoaz gozatzeko aukera ere izan zuten. Jaialdian izan ziren Imanol Lazkano eta Joxe Luis Gorrotxategi bertsolariak, Bertso Paper Lehiaketako irabazleak eta Gu ere bertsotan proiektuko bertso eskolako ikasleak. Saridunei, bertsolariei eta ikusleei aurreskua eginez hasi zuten saioa, eta ondoren saridunen bertso sortak eta bertsolarien aurkezpen bertsoak entzun ahal izan ziren. Irabazleei sariak banatu ondoren, Lazkanok eta Gorrotxategik bertso saio bat eskaini zuten, DBHko lehen mailako ikasleek gaiak emanda. Bihar, Gu ere bertsotan Horrez gain, igandean Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatu zen Arrasaten, eta 250 umek hartu zuten parte egun osoko festan, tartean eskualdekoek. Eskolarteko Txapelketa eta Idatzizko Saria jokatu zituzten ehunka lagunen artean, eta azken honetan eskualdeko gaztetxoak sariekin itzuli ziren etxera; lau kategoritan banatu zuten Idatzizko Saria. Hamar eta hamabi urte bitartekoetan Zarauzko Orokieta Herri Eskolako Aner Perez nagusitu zen. Hamabi eta hamalau urte bitartekoetan, berriz, Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeko Iker Letamendiak eraman zuen saria. Azkoitian gaztetxoen bertsoak entzuteko gogoz geratu direnek, berriz, bihar beste aukera bat izango dute, udaleko Euskara Zerbitzuak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak antolatzen duten Gu ere bertsotan jaialdia egingo baitute 18:30ean, Baztartxon. Jaialdian, ume eta gaztetxoek ikasturtean landutako bertsoak taularatuko dituzte. Jaialdia irekia da, eta sarrera doakoa du. XXIII. Bertso Paper Lehiaketako irabazleak B MAILA: DBH 1 ETA 2 MAILAK - 1. saria. Asier Gantzarain, Marat Ansoalde eta Aimar Guenge (Azkoitia). Gaia: Urteroko opariak. - 2. saria. Iker Moto, Julen Larrañaga eta Endika Agirre (Azkoitia). Gaia: Teknologia eta gurasoak. - 3. saria. Malen Bastarrika eta Idoia Larrañaga (Azkoitia). Gaia: Dantzak. - 4. saria. Elene Agirre eta Maddi Garate (Azkoitia). Gaia: Festak. A MAILA: DBH 3 eta 4 MAILAK - 1. saria. Ander Garayar (Zarautz). Gaia: Urteroko oporrak. - 2. saria. Jone Makazaga (Zarautz). Gaia: Maitasunaren kondena. - 3. saria. Jon Izagirre (Azkoitia). Gaia: Ceuta eta Melilla. - 4. saria. Ane Peñagarikano (Zarautz). Gaia: Nerabetasunari. * Azkoitiarren artean banatzen den sari berezia:  Jone Zabaleta. Gaia: Chibok herriko malkoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide